Esnatu da hiru lehengusuetan lehendabiziko suangilla

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 30a, 01:00

Zaila da Hernaniko hiru suangilla espezieak begiz bereizten. Neguko lo gozotik lehendabizi esnatzen dena Zootoca vivipara da, kumeak arrautzatik ez, zuzenean jaiotzen dituena.

Anfibio eta narrastiak - 4. fitxa: Zootoca vivipara - Suangilla

Itxurak ez du salatzen, baina bere izen zientifikoak eta euskera batukoak bai. Bera da umeak zuzenean jaiotzen di­tuen suangilla bakarra, eta hargatik latinezko vivipara edo euskera batuko sugandila ‘bizierrulea’ abizen horiek. Urritik urtarrilera lo egin du, eta otsailetik esna da­bil suangilla urzale hau. Ipur­tarinena edo lo arinena daukalako, bera izaten da hiru lehengusuetan lehen­dabizi mugitzen. Geroxea­go esnatzen dira pareta zuloak hain maiteak dituen Podarcis muralis (etxe inguruetan arrun­tena) edo harkaitz eta lehorzalea den Podarcis liolepis.

Pinttarra, eta kolore nabarra
Lehenengo begiratuan ez zaio erraz antzematen hiru lehengusuei. Gaurko bizierrule hau pin­ttarra da, eta kolore nabarra du, azpi txurixkagoa emeen ka­suan. Emeak arrak baino haun­dia­goak izaten dira; gehi­e­nez, 12 cm-koak, isats eta guzti. Isatsa gorputza baino 2 aldiz haundiagoa izan lezake, hanka motzak eta burua borobildua. 

Beste bi suangillen ezaugarri nagusiak: etxe inguruetan eta paretetan arruntena den Podarcis muralisek lepo gainean V nabarmena izaten du. Ha­ren oso tankerakoa da Podar­cis liolepisa, eta biak bereizten dira, azken honek harkaitzak maite dituelako. Errio ondoko harka­i­tzetan ikusiko dugu edo bestela, mendi punta-puntetan, eta han ere harkaitzetan.

Zingira edo lintzura zalea    
Ez dauka mehatxu haundirik eta nahiko zabaldua dago herri gunetik pixka bat ateraz gero. Berez bustia maite du, eta batez ere leku zingiratsuak edo lin­tzurak. Hor ibiltzen da, toki oso euritsuetan eta ospeletan bezala, iñistor sail, zelai heze eta baso itxietan. 

Emeak arrak baino haundiagoak izaten dira; gehienez 12 cm-koak isats eta guzti. Isatsa gorputza baino 2 aldiz haundiagoa izan lezake, hanka motxak eta burua borobildua

Umil xamarra ere igual izango da, eta beste espezieekin lehiatu baino, nahiago bere kaxa hotzetan ibili. Zirkulo Polar Artikoraino ere iritsi omen da.

Intsektuak jaten ditu batez ere, armiarmak edo txikiagoak: homopteroak, colemboloak eta isopodoak... Alegia, zomorro jendea ibili litekeela erne, suangilla honen terrenoan.

Ez liteke esan, narrasti ba­ten­tzat oso ohizkoak direnik suangilla honen ibilerak. Goi mendietan eta oso latitude altuetan moldatzen da ederki asko. Umil xamarra ere igual izango da, eta beste espezieekin lehiatu baino, nahiago bere kaxa hotzetan ibili. Zabaltzen eta zabaltzen, Zirkulo Polar artikoraino ere iritsi omen da, eta Suedian, Finlandian edo Errusian bizi da, hotzetan gozo.

Hernanin zabaldua dago eta batez ere Ereñotzun. Adi­tuek diote pixkanaka galtzen ari dela hainbat lekutan. Horre­gatik, bereziki garrantzitsua da Hernaniko toki hain gustukoak zaintzea, epe laburrean bere babesleku izan bailitezke.  

 

FITXAK

1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!