Anfibio eta narrastiak - 3. fitxa: bufo spinosus - Zapua
Animaliarik galai eta kuttunena denik ezin esan liteke, eta askoren ustez horrexek sortu du berarekiko gorrotoa. Bufo spinosus esaten diote zientzialariek, Hernanin zapua, oso arrunta izan da orain arte, asko galtzen ari dela dioten arren.
Beldurrezko kondaira eta istorio askotan protagonista da anfibio intsektu jale hau. Haundia, azalean karatxak dituela dirudiena, bere begi gorriztek bildurgarri egin dutena. Harrapatu eta ziria sartuta utzi izan dira etxe gehienetan, baratza bazterrean, bertan lehortu arte. Behien errapeetako karatxak kentzeko ikuiluko paretean jartzen ziren, poteetan sartuta.
Hala ere, baserri batzuetan sakratua ere izan da zapua. Hernanin kontatzen dute, Akarregiko jabeak eduki omen zituela sesioak bere apopiloarekin. «Batek zapuak akatu eta makila sartzen zielako eta Rufinokoak bizirik uzteko esaten ziolako: ‘Hoik xomorruak jaten omen dixkitek!’».
Arrunta, bazter gehienetan
Zapoetan haundiena, eta arruntena bera da. Emeak haundiagoak izaten dira harrak baino, eta 14 cm izatera ere iritsi litezke. Itsasertzean hasi eta pirineoetaraino zabaldua dago, ez da bereziki ur zalea, eta batetik bestera asko mugitzen da. Martxo garai honetan erraz xamar ikusi liteke zapua, oraintxe baitu ugaltzeko garaia, eta harrak emea bilatuko du bazter guztietan.
Oso zabaldua ez den arren, konprobatua dago, Italian, zapuak L’Aquilako lurrikara gertatu aurretik sumatu zuela.
Erreka bazterretan edo putzu bazterretan ikustea izaten da arruntena, baina baita errepideetan ere. Izan ere, asfaltoaren berora maiz inguratzen dira, euri egunetan, eta horren erruz hiltzen direnak ere asko dira. Emeentzat garai arriskutsua izaten da hau, ugaltzeko garaian, harrak bat baino gehiago inguratzen baitira eme bakarrarengana, eta itota hiltzeko arriskua izaten dute.
Azaroa, abendua eta urtarrilean hibernatu, eta otsaila eta martxoa dituzte hilabete mugituenak. Emeek 2.000-10.000 arrautza jarri ditzakete, eta 2-3 hilabete beharko dituzte metamorfosia egiteko. Txalburuek azpikaldean mota zuriak dituzte.
«Asko toriatzen ai bazea, ipurdiya altxa eta pixa egitten du»
Hernaniarrek ondo ezagutzen dute bizilagun ibiltari hau. Erioan dagoenean, lika txuri bat askatu dezake, defentsa moduan, eta pittin bat erresumindu lezake, arrisku haundirik ez duen arren. Askok txistua botatzen duela diote, eta ez da hala. Baina Hernanin beste bertsio bat ere badago: «asko toriatzen ai bazea, ipurdiya altxa eta pixa egitten du!». San Joan suarekin lotzen dutenak ere badira. «San Juan surik ez bada egiten, zapua etxera!».
Askok hala uste duten arren, zapua ez da oso kantari ona, bere lehengusu zapo ttikiya adina (Alytes obstetricans), eta ondo-ondoan egon behar da zerbait entzun nahi bada.
Eta oso zabaldua ez den arren, konprobatua dago, Italian, zapoek L’Aquilako lurrikara gertatu aurretik sumatu zutela. Zientzialarientzat ez da erronka makala!
Anfibio honek, kondairetarako hainbeste joku eman duen zomorrojale honek, izan dezala hemendik aurrera etorkizun oparoagoa. Kotxeak harrapatzen dituenak kenduta, ea gainerakoek bizitza lasaiago bat izaten duten aurrerantzean.
FITXAK
1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya