Oriamendiko putzuetako ezezaguna

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 10a, 02:00

‘Triturus marmoratus’ deitzen zaion animalia, bailaran arrobiyua edo lauhankekua esaten zaionaren oso tankerakoa da, lehengusua, esango genuke. Hori bai, askoz ere ezezagunagoa, eta Oriamendin soilik ikusi dute, bi lekutan.

Anfibio eta narrastiak - 7. fitxa - Triturus marmoratus

Ez du izenik Urumea bailaran, eta urria da, oso urria. Euskera batuan uhandre marmolairea, eta latinez Triturus marmoratus. Arrobiyua edo lauhankekua esaten zaionaren oso tankerakoa, baina haundiagoa, eta ko­lore nabarrak, eta marra berde argi-argiak. Arrari bizkar gainean gandor bat egiten zaio, eta emeak, gandorraren partez, marra naranja argi bat; biak harrigarriak.

Gorputz sendoa
Bere lehengusuetan haundiena da, 11-16 cm artekoa ere egin liteke. Normalean xomorro txikiak jaten ditu, baina dezente ehiza haundiak ere jan ditzake; ikusi dute lauhankekua jaten ere! Donostiako parke batean. Bai­na, sarritan, ehiztaria bi­hur­tu liteke ehiz, eta putzuetan kanpoko arrai edo karramarrorik sartzen bada ihes egiten du. Horre­xe­ga­tik, ez da ageri beretzat egokia izan litekeen leku askotan.

Bi fase, lurrekoa eta urekoa
Martxotik aurrera, emeak arrau­tzak urean jartzen ditu, landarea pilatzen den putzuetan, ur-geldian. Ekaina edo uztailean jaioko dira be­rriak, eta fase lurtarrari ekingo diote, harrapatzen dutena janaz, karakolak, tximeleta-harrak, intsektu txikiak eta txi­txareak. Bere familiakoek ez bezala, Tritu­rus marmoratusak, arrobiyo gandor-haundi honek, ez du lotarako go­go haundirik izaten, eta urte ona bada, hibernatu gabe egiten du urtea; erdia urean eta erdia lurrean.  

Oriamendiko bi putzutan
Oriamendin ikusia dute, bi lekutan behintzat, bata Herna­ni­ko muga barruan (orain au­tobiak galdu duen putzu batean), eta bestea Donostiako lu­rretan, Hernaniko mugatik oso gertu dagoen putzu batean. Euskal Herrian urriena Gipuz­koan izango da; gainerakoetan ugariagoa.
Leku gehiagotan ere egon liteke, baldintza naturalei begiratuta. Epeleko putzuan, Zepa­din, posible da egotea, orain arte ikusi ez badute ere. 

FITXAK

1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!