Urrezko bost puntu etxera, bonus eta guzti

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 23a, 01:00

Garaile izan zen Hernani atzokoan Landaren, Ciencias-Cajasolen aurka, eta nabarmen, gainera. 36-13 irabazi zuen: bost puntu eta bonusa, poltsikora.

Oso fin ibili zen atzokoan Hernani Sevillako Ciencias-Cajasolen aurka. Arnasa hartzeko beharrezkoa zuen garaipena lortu zuen, eta garaipen soila ez, bost puntuak etxean gel­ditzea ere lortu zuen. Markagailuan au­rretik izan ziren partiduaren hasiera-hasieratik, eta alde nabar­mena atera zieten se­villarrei.
Maila mantentzeko helbu­ruari begira, pausu haundia izan zen atzokoa, eta he­men­dik aurrera jokatu beharreko partiduak gogorrak izango badira ere, beste animo batzu­ekin hartuko dituzte, inoiz baino indar haundiagoarekin.

Talde osoaren lana
Primeran ibili ziren atzo etxeko jokalariak, eta taldean egin zuten lana. Puntuak lortzeko ere, denek jarri zuten zeukaten guztia. Otegik egin zuen lehenengo entsegua, eta Genuak transformatu. Sevilla­rrek berehala txikitu zuten aldea zigor kolpe baten bidez, baina hernaniarrek bi entsegu gehiago egin zituzten 15garren minuturako, eta 24garrenean aldea are gehiago haunditu zuen Mattin Mujikak. Cien­cia­sek erreakzionatu egin zuen, baina atsedenaldiaren atarian Igor Etxeberriak 29-8 jarri zuen partidua. Bigarren zatian lasai aritu ziren, bonusa eta garaipena dagoeneko poltsi­koan zituztela. Entsegu bana egin zuten bi taldeek, baina emaitza erabakita zegoen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!