Negu giroa udaberri hasieran, zozomikoteak badatoz

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 23a, 01:00

Negua bukatu da, baina zozomikoteak pasa arte ez omen da hasten udaberria. Aurten euritsu ekingo omen dio, negua joan den bezala, beraz erne martxo bukaera eta apirila hasierari.

Udaberrian sartu ginen oste­gunean, baina negu giroa buel­tatu da berriz ere, asteburuan. Kondairak dioenez, martxoa­k artalde osoa galduarazi zion artzai fanfarroiari, hark burla egin ziolako. Ordutik, zozomi­ko­teak esaten zaie martxoaren azken egunei eta apirileko lehen­dabizikoei, eta esaten da, horiek pasa arte ez dela be­ne­tan udaberririk hasten.
Aurtengo negua oso euri­tsua joan da, normalean baino haizetsuagoa, eta beroagoa.

Hernanin 3 eguneko zozomikoteak ditugu, baina Euskal Herrian orokorrean, 5 edo 6 egunekoak dira, eta Europan zehar 7 egunekoak ere bai.


30 urtez behin bat egiten omen dute era horretako baldintzek. Negua hala joan eta udaberria ere hala hasi. Mendebala gogor, eta euria gogotik, lehen­dabiziko egunetan.

Mendiak berriz ere zuri
Udaberria hasi da, bai. Oste­gu­nean sartu ginen urtaro be­rrian, hala dio astrologiak. Bai­na besterik erakusten du,  ordea, eguraldiak. Neguko gi­roa­rekin ekin baitiogu uda­berriari ere: tenperaturak behe­ra eta euriteak ugari.
Beherakada izan du elu­rra­ren kotak ere, 800 metro inguruan kokatzeraino. Eta gure mendiak zuri, berriro ere. Uda­berriari lehen zipriztinak har­tzeko balio izan dute alda­ketek, eta gogoratzeko, halaber, ez dagoela udaberriaz fidatzerik.

Mezua argia da, ez harrotu, martxoko lehendabiziko eguzkiekin, oraindik eguraldi txarra iritsiko da eta.

Zaila da, ordea, hurrengo hiru hilabeteetarako aurreikus­penik egitea. Baina hasi dira meteorologoak etor daitekeena asmatzeko jokoan.
Horrela, normalean baino tenperatura altuagoak izateko   aukera jarri dute mahai gai­nean. Hala ere, ezin dugu baztertu iazko egoera errepi­ka­tzea ere, etengabeko euriteekin. Izan ere, horrelako fenome­noak ematen direnean, zenbait urte iraun ditzakete.

Halako neguak, 30 urtero
Aurreikusi ezina izango da udaberria. Eta aurreikusi ezina izan dugu negua ere. 30 urtean behin ematen den horietakoa. Hala adierazi dute adituek. Amaitu den urtaroko euriteak, haize-boladak eta tenpe­ra­turak topatzeko, 50eko eta 80ko hamarkadetara jo behar dugu.
Euriteak amaigabeak izan dira, eta gogor astindu dute bai­lara. Hernanin, astebeteko epean 115 litrotik gora bota zituen metro karratuko, Urta­rrilan. Urumea ibaiak gainezka egin zuen, eta urak hartu zituen bazterrak. Horrela, Portu eta Karabelgo erriberetan, eta Landare eta Zubipe zelaietan atera zen ura.

Amaitu den urtaroko euriteak, haize-boladak eta tenperaturak topatzeko, 50eko eta 80ko hamarkadetara jo behar dugu.


Haatik, euria baino gehiago izan du neguak. Ezohikoa izan da haize-boladen indarra ere. Hegoaldekoek, batazbeste, 30 km/h abiadura izan dute, eta mendebaldekoek 10 km/h. Zen­bait zuhaitz botatzeko adina indar, hain zuzen ere.
Haize-boladak bezain ohikoak izan dira alarmak, gorriak, laranjak eta horiak. Inoiz baino denborale gehiago izan ditugu joan den neguan. Asteburu honetan ema­ten ari denarekin, hamar izan dira jasan ditugun denbora­leak. Datu horiek kontraste na­barmena egiten dute ohikoan izaten direnekin: hiru eta bost den­bo­rale bitartean ematen dira neguan.
Tenperaturak izan dira negu honen laugarren berezitasu­na. 10,3 gradu izan ditugu batazbeste, normalean baino gradu eta erdi gehiago.
Ezaugarri guzti horiek, bata bestearen atzetik etorri diren borrasken ondorio izan dira. Ezezagunak dira arrazoiak, baina garbi dago ezohikoa dela. Hiru hamarkadetan behin emateraino ezohikoa.
Eta amaitu da negua. Astro­logiaren esanei kasu eginez, hori ere. Baina ezingo dugu ahaz­tu, ez oraindik. Bere arrastoa utziko du, udaberrian izanik ere. Halaxe diote zozo­mikoteek.

Zozomikoteak, Europa guztian zabaldutako kondaira
Batzuk diote elizak zabaldua dela, eta beste batzuk betiko kon­daira, gero elizak hartua. Kontua da, zozo­mi­koteen kon­daira Europa guztian ezagu­tzen dela. Gaztelan ezaguna da Marzo y el pastor ipuia, Fran­tzian ere badira tankerakoak, eta baita Korsikan bertan ere. Funtsean, kon­tua bera da: artzaiak negua bil­du­rrez pasa, eta negua ustez bu­katua zegoe­nean, martxoari bur­la egin omen zion. Mar­txoak azken eguna omen zuen, eta apirilari egun ba­tzuk es­ka­tu zizkion. Inoiz ezagutu diren ekai­tzik haun­dienak egin omen zituen. Mezua argia da, ez harrotu, martxoko lehendabiziko eguz­kiekin, oraindik eguraldi txa­rra iritsiko da eta.

Nafarroan eta Gipuzkoan ‘zozomikote’
Zozomikote hitza Nafarroan eta Gipuzkoan erabiltzen da batez ere. Beste leku batzuetan zozoak ere esaten zaie, bere horretan. Gehienetan artal­deak dira artzaiak galtzen dituenak, baina badago bertsio bat Gipuzkoako kostan eza­gutzen dena, martxoak zeze­na harrapatu nahi omen zuena. Gainerakoetan artzaiari ardiak galdu nahi dizkio martxoak. Kasu guztietan ardi asko zituen artzaiak, baina Italo Calvinok zioenez, Korsi­ka­ko ipuiean, hondartzan hondar aleak adina ardi omen zituen artzaiak.  

Asteburu honetan ematen ari denarekin, hamar izan dira jasan ditugun denboraleak.


Eta zenbat egunetan egin zuen euria? Hernaniko eta in­guruetan hiru egunez egin zuen euria: martxoan egun eta erdiz, eta apirilari beste hain­bes­te eskatu. Beraz, Hernanin 3 eguneko zozomikoteak di­tu­gu, baina Euskal Herrian, oro­korrean 5 edo 6 egunekoak dira, eta Europan zehar 7 egu­ne­koak ere bai.

«Zozomikote egunak, tristeak eta ilunak»
Hernaniko ipui tankerakoa kontatzen dute beste batzuk ere. HABEko Ikasbilek dakarki hiru egun zozomikoteen kon­tua. Esaera omen da, «zozo­mi­kote egunak, tristeak eta ilu­nak». Artzaiak martxoa­ri kantatu egin zion burlan, eta hor ere bertsio asko dira. Hernani eta ingurukoen tan­kera dute honakoek: «Ai Mar­txo, Martxo, ez haiz hain hila­bete gaiztoa izan. Nire bildo­tsik txikienak ere errez egiten dik erreka gainetik salto».

Batzuk diote elizak zabaldua dela, eta beste batzuk betiko kondaira, gero elizak hartua.


Eta martxoak, ikusita ezin zuela berak bakarrik nahikoa euri egin, apirilari ere kantuan eskatu omen zion: «Apirila, Apirila, emaidak egun eta erdia, neureak ditudan beste bat eta erdirekin, artzain harroputzari kenduko dizkiot ardiak, aharia eta begia».

Artzai begi-bakarra
Eta artaldea galtzea gutxi ez, eta artzai gaixoak begia ere galdu omen zuen. Hori diote ipui gehienek. Artaldea galdu zuela ikusita, artzaiak ahariari heldu omen ziola, hura salbatu nahian. Eta haren adarrarekin begia galdu. Garesti ordaindu zuen artzaiak martxoari burla egitea.
Eta Korsikako ipuiak orain­dik ere erremate gogorragoa dauka artzaiarentzat. Artzaiari begi bakarra geratu omen zitzaion; eta hura zertarako? Negar egiteko. 

«Martxo martxo, martxo gaiztotxo...»

Miguel Arrieta Urnietako Le­­garralde baserrikoak eder­­ki asko daki zozomikoteena.
 

«BATZUK esaten dute, egun’terdi eta egun t’erdi. Martxuak api­rilari egun t’erdi eskatu egin zizkan. Artzaiak egin zion, burla martxuari:

Martxo martxo,
 martxo gaiztotxo,
nere bildotsik txarrenak ere aixa egiten siok
errekai salto!!

Eta orduan, harrokeri hori egin ziolako, martxuak apirilari egun t’erdi eskatu. Eta egun t’erdi horietan sekulako urak eta... erreka batian pasatzen hasi omen ziran, eta jata ardi guztik aidian hartu omen zizkan. Eta aharia omen zeukan izugarri ona eta bere gustokua, eta... «Beste guztik eramango baldin baditu ere, hau ez dik ba eramango!». Bizkarrera igotzen hasi zanian, ahariak adarrakin izaten dira jeneralian, eta hasi zanian, jata begia atera omen zion artzaiari, ada-rrakin jota. «Eraman behar badek eraman zak ba hau re!». Eta ez ardi eta begi gelditu omen zala, harrokeriangatik. Alegia, harrokeriak ze ekartzen duen!»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!