Sagardozale finak dabiltza txotxean

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 15a, 01:00

Txotx denboraldian bete-betean sartuta daude sagardotegiak. Krisiaren eragina nabaria da toki gehienetan, baina sagardozale finak badira.

Sagardotegi bakoitzak bere lan egiteko modua du; batzuek menu tradizionala bakarrik eskaintzen dute, eta beste batzuek menu zabalagoa; ba­tzuk txikiak dira, familiarrak, eta beste batzuk haundiagoak. Badira txotx denboraldian bakarrik irekitzen dutenak, eta urte guztian lan egiten du­tenak. Eta horregatik, de­netan ez da berdin bizitzen sagardo denboraldia. Hala ere, gauza batzuetan bat egiten dute denek.
Ipintzan, Sarasolan, Oialu­me Zarren, Gurutzetan eta Petritegin argi dute azken urteetan jendearen ohiturak aldatu egin direla. Orain jende gehiena larunbat eguerdietan joaten da sagardotegietara, eta lehen baino gutxiagotan egiten du bixita. Bestalde, kalitatea gero eta gehiago zaintzen da, bezeroek hala eskatzen baitute; ez dira edozer gauzarekin konformatzen, eta ez du denak balio.

Beldurrarekin hasi, baina hobetzen segi
Krisia nabaritzen dela diote sagardogileek. Baina ez hain­beste lehengo urtetik hona. Ba­dirudi beheranzko joera bu­katzen ari dela eta man­ten­tzen hasiak direla, pix­kanaka. 
«Beldurrarekin hasi genuen txotx denboraldia, baina oso pozik gaude orain, nahiz eta itxierara arte, maia­tzaren 4ra arte, itxoin beharko dugun balorazioa egiteko», diote Oialume Zarren. 
«Urtea xuabe hasi dugula» diote Petritegin, «baina le­hengo ur­tean bezala».
Gurutzetan, aldiz, nabari dute jaitsiera: «krisia nabaria da, eta lehenego urtetik hona zertxobait jaitsi da, baina oraindik bada sagardoa gus­tokoa duen jendea».
Beherako joera buka­tzen ari dela nabaritu dute, ordea, Ipintzan: «aurreko ur­teei be­gira, badirudi bezeroak gu­txitzearen tendentzia bu­katzen ari dela. Lehengo ur­tekoa man­tentzen ari gara, eta ar­nasa hartu dugu». 

Ohiturak aldatzen ari da jendea azken urteetan
Jendea joan, joaten da sa­gardotegietara, baina ez orain 3-4 urte edo lehenago bezala. Ohiturak aldatu egin direla argi ikusi dute sagardogileek.
«Ohiturak aldatzen hasi zirenean, larunbat gauak betetzen hasi ziren. Baina orain larunbat eguerdiak be­tetzen dira. Lehenago, berriz, ostiral gauak ere oso po­tenteak izaten ziren. Jendeak ohitura haundiagoa zuen os­tiral gaue­tan ateratzeko. Orain gelditzen da garai hartako jende hori, baina gazteek ez dute segi», diote Gurutzetan.
Oialume Zarren eta Ipin­tzan ere iritzi berekoak dira. «Larunbat eguerditan etortzen den jendearekin denontzat eta gehiago dago lana! Jendea ez da kabitzen, eta inoiz baino lehenago betetzen dira larun­bat eguerdiak». Ipintzan ziur daude: «Astigarraga eta Her­nanin beste 10 sagardotegi baleude, haiek ere erraz beteko lirateke larunbat eguerdietan! Baina gaua bereziki jaitsi da. Lehenago nahiko banatua egoten zen, baina orain jendea larunbatetan kontzentratzen da, eta bereziki, eguerdietan». 
Sarasolan ere nabaritu dute aldea: «ostiraletan jende gu­txiago ibiltzen da, eta asteburu eguerdietan, berriz, gehiago». 
Bestalde, asteko egun jakin bakoi­tzean etortzen den jen­dearen artean des­ber­din­ta­suna nabari dute Petritegin: «astean zehar etortzen dena izaten da betiko sagardozalea, probake­te­tan ibiltzen dena eta sagar­dotegiz sagardotegi mu­gitzen dena. Larunbat eguer­-dietan, berriz, edo igandetan, familiak etortzen dira gehiago. Familia asko ospakizunak larunbat eguerdietan egiten hasi dira, horrela, gazteek igandea libre izateko. Eta ostiralak jaitsi egin dira. Lehen gehiagotan etortzen zen jen­dea; ostiralean lankide edo la­gunekin eta asteburuan fami­liarekin, adi­bidez. Baina orain, bietako bakarra egiten dute». 
Gehiegi aldatu ez dena da nongoa den etortzen den jendea. Sarasolan diote «txoko guztietatik etortzen dela jen­dea, baina gertukoak gehiago». Denek antzeko ikus­pegia dute. «Astean zehar etortzen dena ingurukoa iza­ten da, gertukoa. Asteburuetan gehiago da kan­potik etortzen den jendea: Goierrikoa, Bizkaikoa, Araba­koa, Nafarro­a­koa edota Ipa­rral­dekoa. Eta tarteka, urru­tixeagoko jendea ere bai, Euro­patik edo Ame­riketatik etorri­takoa».
Azken urteetan nabaritu da atzerriko komunikabideen era­gina, erreportaje bat baino gehiago argitaratu baitira Eus­kal Herriko sagardoaren kultu­raren inguruan, eta ez dira gutxi txotx denboraldia eza­gutu nahi duten atzerritarrak. Gainera, Sagardoaren Lurral­dea ekimenaren bitartez, gero eta eskaintza zabalagoa dute turistek, sagardoaren kultura eta Euskal Herriko kultura eta historia ezagutzeko.

Kalitatearen aldeko apustua, ezinbestekoa
Sagardotegietan aldatu den beste zerbait da eskaintzen diren produktuen kalitatea; bai sagardoarena eta baita jakiena ere. 
«Buruhauste gehiago izaten dugu, baina kalitatearen alde­ko apustua egin beharra dago, jendea ez baita edozerrekin konformatzen», diote Ipintzan. «Sagardotegi askotan urtetan erabili da filosofia perdigonero xamarra. Jendea erruz etor­tzen zen eta ez zen gehiegi kexatzen. Orain kalitateari asko begiratzen diote, eta guk ere bai». 
Kalitatearen aldeko apustu horretan lan haundia egiten dute sagardotegiek. Batzuek Gorenak markarekin, beste batzuek Eusko Labelarekin, eta beste batzuek eguneroko lana hobetzen. Kontrola ere gero eta haundiagoa da, bai sagarron­doena, nola sagardoaren ekoiz­pen prozesuarena. Eta baita eskaintzen diren jaki guztiena ere, izan sagardo­tegiko menu tradizionala edo karta zabalagoarena. 

Eskaintza gero eta zabalagoa 
Bezeroen eskaera dela-eta, kalitateaz gain, sagardotegien eskaintza ere haunditzen ari da azken urteetan. Batzuk txotx denboraldian bakarrik irekitzen dituzte; adibidez, Gurutzeta eta Oialume Zar. Baina Petritegi, Sarasola eta Ipintza urte osoan irekitzen dira, nahiz eta txotx den­boraldian bereziki zentratzen diren.
Horrez gain, menuan be­rrikuntza batzuk sartzen d­i­tuzte, eta eskaintza kultura­la ere egiten dute: probaketak, tolarea eta bertako lanaren inguruko bisita...
Sarasola da urte guztian irekita egoten den sagar­do­tegietako bat, eta menua zabaltzeko aukera ere izaten da. «Aukera ematen da sa­gardotegiko menu tradizionala edo beste gauza batzuk jateko, baina sagardotegiko menuak oraindik oso ondo fun­tzionatzen du denboraldiz kanpo ere». 
Ipintza txotx denboraldian gehiago kontzentratzen da, baina urte osoan izaten da irekita, eta «udaran lan asko» egiten dutela diote, «terraza aprobetxatzen dugu». Txotx denboraldiak iraun bitartean sagardotegiko menua izaten da nagusi, baina zertxobait zabaltzen dute karta: onddo rebueltoa, txipiroiak parrilan, sahieskia... «Etxeko postreak ere egiten ditugu, eta oso sagardozaleak direnak, pinoi fijora joaten direnak ere, eskertzen dute hori». Gero, urte osoan zehar kartan dagoen aukera are gehiago zabaltzen dute.
Petritegi ere urte osoan zehar irekitzen dute. Menua sagardotegikoa izaten da, «baina betidanik, -aitak sartu zuen ohitura hori-, bakai­luaren ordez beste arrainen bat ematen dugu, kogotea-edo. Gero, horrez gain, sasoiko produktuak sartzen saiatzen gara: onddoak, errezil sa­garra... Sagardo sorbetea ere ateratzen dugu, eta den­boraldiz kanpo, ostiraletan, adibidez, sahieskia». Oso ondo funtzionatzen ari den beste zerbait bisitak direla diote. «Orain gutxi hasi gara es­kaintzen sagardotegira dato­rrenari sagardogintzaren in­gu­ruko bisita. Kultura, ebo­luzioa nolakoak izan diren erakusten dugu, azalpenak ematen ditugu, eta ondoren, bazkaltzera. Aurten interes haundia ikusi dugu. Jende asko hurbildu da bazkaldu baino ordu erditxo bat lehen­txeago, bisita egiteko».
Horrelako bisitak eta bes­telako eskaintza kulturalen aldeko apustua egina duen beste sagardotegi bat Guru­tzeta da. Honek denboraldian bakarrik irekitzen du. «Nahi duenari aukera ematen diogu sagardoa egiteko prozesua ezagutzeko. Kalifor­nia ingu­rutik etorri izan zaiz­kigu, han ardoa egiten dutela-eta, he­men sagardoa nola egiten du­gun jakin nahian. Bestalde, dastaketa edo pro­baketak egi­ten ditugu. Orain gutxi anto­latu genuen bat. Menua, berriz, tradizionala eskaintzen dugu guk: txorizoa pikatzeko, bakailu tortila, ba­kailu frijitua piper berdeekin, txuleta eta postrea; gazta, irasagarra eta intxau­rrak. Eskatzen badigute, bakai­lua saltsan edo to­mat­ea­re­kin ere jartzen dugu, kaxu­e­lan. Oste­gu­netan, hala ere, ba­kai­lu gabeko menua eskain­tzen du­gu, 20 eurotakoa, eta berehala betetzen da sagar­dotegia. Aste­azkenetako otxo­te­ek ere era­kartzen dute jen­dea. Aukera ematen diogu bezeroari ondo jan eta edateaz gain, giro onaz gozatzeko».
Oialume Zar txotx den­boraldian irekitzen den beste sagardotegi bat da. Aurten, maiatzaren 4ean itxiko dute. Menu tradizionala eskaintzen dute hemen ere. «Menuaren kontua istorio berezia da. Gu saiatzen gara ahal den txu­kunen egiten, eta kitto. Tradi­zionala eskaintzen dugu eta ondo ari gara. Aldaketak berez izaten dira, eta guk ezin dugu jakin zer gertatuko den edo norantz joko duen jendeak. Orain­goz, ondo ari garela ema­ten du, pozik gaude, eta horre­tan segiko dugu». Izan ere, azal­tzen dute: «aurreko urteko agen­da begiratzea ez zaigu gustatzen, baina tarteka begiratzen dugu, eta oroko­rrean, ondo gabil­tzala ematen du». Normala, beraz, horretan jarraitzea! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!