Herriko baserritar zaharrak omendu ohi ditu Goldea elkarteak, San Isidro egunez. Orain dela 23 urte hasi ziren, orduko emakume eta gizon baserritar zaharrenak omenduz. Urtero txandatzen dute, hurrengo zaharrenak omentzeko. Eta aurten, kasualitatez, bi baserritarrak senar-emazteak dira: Plazetxe baserriko Mari Karmen Ostolaza eta Jose Mari Imaz. Goldeak informazioa pasa dio Kronikari.
Baserrian eta kanpoan
Mari Karmen Ostolaza Elustondo (75 urte) Zestoako Errekondo baserrian jaio zen, 1938ko abuztuaren 5ean. Joxe eta Rufina zituen gurasoak, eta 8 seme-alabarekin osatutako familiakoa da.
Bost urtetik hamabira, Aizarnazabalgo herri eskolan ibili zen. Eskola utzita, baserriko lanetan aritu zen gurasoekin eta anai-arrebekin. 16 urterekin, Donostiara joan zen neskame, etxe partikular batera. Tartean, josten ikasi zuen Zarautzen. Baserriko eta kanpoko lanak egiten zituen Mari Karmenek. Donostiako Londres hotelaren ondoan zegoen Irura hotelean ere aritzen zen udaran. Donostiarako joan-etorri horietan ezagutu zuen Jose Mari Imaz, Oialume dantzalekuan. 26 urte zituenean harekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Mari Karmen ezkondu eta gero, beti aritu izan da baserrian aitaginarrebari laguntzen, senarrak kanpoan lan egiten baitzuen. Baserriko lan mota guztietan jardun du, baita familia aurrera ateratzeko eginkizunetan ere. Oso aditua da baserriko langintzetan. Eta horietan inoiz ez du estualdirik sentitu, gogoz eta gogor aritu baita beti.
Baserriaren etorkizunaz bere kezkak ditu baserritar honek, izan ere, berak baserria beti ogibide eta babesleku izan du, eta gaur egun, gero eta zailago ikusten du horiei eustea. Dena dela, itxaronpentsu dago ilobak eta suhiak lekukoa hartzearen inguruan, denok elkar hartuta aurrera egingo dutela sinetsita.
Idi proba ere izango da bihar: Kantabriako eta Bizkaiko idi pareak, 3.200 kiloko harriarekin.
Eraikuntza lanetan ere bai
Jose Mari Imaz Loidi (76 urte) 1937ko abenduaren 17an jaio zen Santiomendiko Plazetxe baserrian. Gurasoak, Plazetxe eta Aiziane baserrikoak ziren eta 5 anai-arrebetatik bigarrena da. Herriko Foru plazan zegoen eskolan, 8 urterekin hasi zen eta 14 urterekin utzi zuen. Gaztetan lagunekin nahiko parranda egina da, Oialume eta Txikierdi dantzalekuetan, besteak beste.
Baserriko eguneroko lanez gain, 16 urterekin kanpoko eraikuntza-lanari ekin zion Hernaniko Orbegozoko pabiloiak egiten; langintza horretan jardun zuen 59 urtera arte, kaderako minez utzi zuen arte. Oialumen ezagututako Mari Karmen Ostolazarekin ezkondu zen 27 urterekin eta hiru seme-alaba izan zituzten. Baserritar honek kanpoan eta baserrian lana egiteaz gain, Santiomendin, hamaika obra eta konponketa egin ditu auzolanean, bizilagunekin.
Jose Mariren esanetan, «ahultzen hasiak dira baserriak aurrera segitzeko oinarrizko zutabeak. Familiaren ogibidea izateko betiko gune hori gero eta zailago egiten da mantentzea; eragin haundia dute kanpoan eskaintzen diren lanek, ez hain sakrifikatuak, eta diru freskoak». Dena dela, eraikitakoaz harro dago eta horri eusteko ahaleginean jarraitzeko prest.
EGITARAUA
San Isidro Jaia (Goldea).
Bihar, osteguna
09:30, Xapre trikitixa.
10:00, Prozesioa eta meza.
Goizean zehar, Astigarragako
baserrietako barazki erakusketa, Foru palzan.
11:00, Hamaiketako herrikoia, Gure Izarra elkartean.
12:30, Idi probak: Kantabriako eta Bizkaiko idi pareak 3.200 kiloko harriarekin.
Egunean zehar, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak.
14:30, Bazkaria eta baserritar zaharrei omenaldia, Gure Izarra elkartean.
San Isidro Jaia, Zamalbide-Bentak
Bihar - San Isidro eguna
11:45, San Isidro zaindariaren
ibilaldia elizaren inguruan.
12:00, Herri meza.
12:45, Txupinazoa eta salda eliz atarian.
13:00, Bertsolariak: Sustrai Colina eta Nerea Elustondo.
14:00, Lagun arteko bazkaria, auzolan elkartean. Erreserbatzeko: 696 429 884 eta 650 438 616.
18:30, Idi probak. Illarreta aita-semeak eta Matxain aita-semeak.
Larunbata - Umeen eguna
10:30-13:30, Haur jolasak eta
tailerrak Perurenako frontoian.
13:30, Haur bazkaria Auzolan elkartean.
14:30, Puzgarriak Perurenako
frontoian.
15:30, Apar festa frontoiaren
kanpoko aldean.
16:00, Mus Txapelketa Auzolan elkartean.
17:00, Txokolatada bizkotxoekin.
20:30, Afari herrikoia, Modestoren musikak girotuta. Txartelak salgai: Zamalbide, Frantxilla Zaharra edo 637 781 772/656 765 482.
Igandea - Jubilatuen eguna
12:00, Meza.
13:00, Salda eta bertsolariak eliz atarian: Millan Telleria eta Beñat Lizaso.
14:00, Jubilatuen omenaldiko
bazkaria musika eta bertsolariekin girotua Auzolan elkartean.
18:00, Pelota festa. Sarrera, 8 euro.
- Jubenilen partidua: Fernandez-Arzallus (Errenteria)/Jauregi-Arzallus (Oiartzun).
- Ondoren: Mikel Goñi-Aranburu/Jauregi-Urruzola.