Aisialdian euskeraren erabilera sustatzea da Dobera Euskara Elkartearen helburuetako bat. Laugarren urtez jarraian, Udaleku Ibiltariak antolatu ditu, DBH 1, 2 eta 3ko ikasleei zuzenduta. Iparraldeko kostaldea ezagutuz estreinatu zituzten udalekuak, eta ordutik beste bi ibilbide eginak dituzte: Kantauriko kostaldea Zumaiatik Baionara, eta Bortziriak Arantzatik Berara.
Udalekuak uztailean, 12 egunez
Euskal Herriko paraje eta txoko ederretatik ibiltzeko aukera izango da aurten ere, guztiak, Baztan ingurukoak: Urdazubi, Amaiur, Erratzu, Elizondo eta Bertizarana. Ur ekintzak, abenturak, kirola, mendi ibilbideak dira udaleku hauen oinarria, aipatu bezala, euskera hutsean. Era berean, bilatzen da gazteek natura errespetatzea, elkarbizitza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatzea, euskal kultura ezagutzea, inguru eta lagun berriak ezagutzea, eta noski, udalekuak izaki, ondo pasatzea!
Ur ekintzak, abentura, kirola, bibak, mendi bueltak... dira udalekuetan egingo
dituzten ekintzak
Izen ematea, zabalik
Udalekuetan parte hartu nahi duten gaztetxoek lehenbailehen izena ematea komeni da, plaza kopurua mugatua baita. Izena emateko epea maiatzaren 16ra arte dago zabalik. Bi pausu eman behar dira. Lehendabizi, izena emateko orria beteta bidali dobera @dobera.com helbidera edo Doberaren egoitzan entregatu (Larramendi 11, behea). Izena emateko orria eskuratzeko hiru modu daude: ikastetxeetan, Biteri kultur etxean eta www.dobera.com web orrian.
Udalekuen prezioa 200 eurokoa da bazkideentzat eta 245 eurokoa bazkide ez direnentzat. Diru sarrera Kutxabankeko kontuan egin behar da: 2095 5041 14 1061652383.
Dobera Euskara Elkarteak Ordiziako Hitzarorekin batera antolatu ditu udalekuak. Aurreko edizioetan, Ttakun eta Berbaro elkarteekin ere antolatu izan ditu.