Ikurriñaren aldeko ekimenekin bat egin du Gobernu Taldeak eta oposizioak «inkoherentzia» eta «faltsukeria» salatu ditu

Kronika - Erredakzioa 2014ko martxoaren 22a

Espainiako bandera, udaletxeko balkoian jartzeko agindua du Astigarragako Udalak. Epaiaren arabera, apirilaren 21a da bandera jartzeko azken eguna. Horren aurrean, herritar talde batek Ikurriñaren aldeko ekimena jarri du abian. Ekitaldi desberdinak egingo dituzte eta gaur izango da aurrenekoa. 13:00etan jarri dute hitzordua Joseba Barandia­ran plazan.  
Gobernu Taldeak ekitaldi horietan parte hartzeko deia egin die astigartar guztiei. «Erabaki honen aurrean, guztiok elkartuta herri bezala erantzuteko momentua da», azaldu dute. Oposizioak, berriz, gogor kritikatu du Bilduren jarrera.

«Gauza bera egiteagatik erasotuak eta insultatuak izan gara»
Astigarragako Udaleko EAJ-PNV eta Hamaikabat alderdiek, Go­ber­nu Taldearen «inkoherentzia» eta «faltsukeria» salatu dituzte. Ha­la azaldu du EAJ-PNVk: «EH Bilduk Espainiako bandera zin­tzili­katu­ko du Astigarragako udaletxean. Eta momentu honetan gogora ekarri nahi ditugu gauza bera egiteagatik erasotuak eta insultatuak izan diren EAJko kargu publikoak. Zenbat irain, zenbat oihu eta pankarta, PNV español!! esanez. Orain EH Bil­duri iritsi zaio bustitzeko mo­mentua. Urtetan exijitu izan diete euskal instituzioetako ar­duradunei intsumiso azaltzeko Espainiako lege eta aginduen aurrean eta orain erabaki dute arau horiek obeditzea. Ezker abertzaleak ez du ausardiarik besteei exijitutakoa betetzeko. Ho­rri inkoherentzia deitzen zaio».
Hamaikabatek ere zentzu berean hitz egin du: «Ezker abertzalea urte luzeetan ibili da Ikurriñari buruzko manifestaldiak egiten eta haien oihua izaten zen Ikurriña bai, española ez. Horren kontura, beste alderdietako kargu politiko eta publikoak erasotuak eta intsultatuak izaten ziren. Orain, berriz, berak jarri behar du Espaniako bandera». Eta gaineratu du: «Zer gertatuko litzateke legearen indarrez gu izango bagina bandera hori zintzilikatu beharko luketenak? Ez dugu dudarik, espainolak deituko ziguten eta legea ez betetzeko eskatuko ziguten».

«Antzezpena»
Ikurriñaren aldeko ekimenetan ez dutela parte hartuko azaldu dute, arrazoi hauengatik: «Ezin da etorkizuna eraiki jarrera hauen irakurketa kritikoa egin gabe. Eta ezker abertzaleak ez duenez jarrera hau oraindik baztertu, ez dugu bat egingo partidu bezala», dio EAJ-PNVk. Eta Espainiako bandera jartzera behartzen duen sententzia gogor kritikatzen duela gaineratu du: «Sentitzen ez dugun bandera bat inposatzen digute, gure bandera, Ikurriña baita». H1!-ek honakoa azaldu du: «Herritarrak benetako arazoetatik desbideratu nahi dituzte, Ikurriñaren omenaldiaren inguruko antzezpena eginez. Faltsukeri haundiagorik ez dago, esku batekin Ikurriña laztandu eta bestearekin bandera española zintzilikatu

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!