«Sailkapena begiratu eta Primeran jokatu dezakedala ikusteak urduri jartzen nau»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 22a, 01:00

Anduva zelaian Lehengo Mailara igotzeko pausu berri baten bila aterako da gaur Eibar. Mirandesen kontra jokatuko du, 18:00etan. Gorka Kijera jokalari hernaniarra bertan
izango da, Eibarrekin borrokatu eta bizitzen ari diren ametsa errealitate bihurtzeko gogoz.

Gaur Mirandes gainditzea duzue helburu. Eibarko zale askoren babesa izango duzue. Nolako partidua aurreikusten duzu?
Badakigu gaur Mirandan jokatuko dugun partidua oso zaila izango dela, gertuko taldea da eta hemengo jokalari askok jokatzen dute bertan. Derbi txiki baten antzera biziko dugu eta ez zaigu sailkapenari gehiegi begiratzea komeni. Beraien zelaian jokatzen dutenean talde sendoa osatzen dute, eta zaleen babes haun­dia izaten dute, oso gainean egoten dira. Hala ere, guk ere izango dugu afizioaren babesa, bai baita­kigu 500 bat zale inguru joango direla Eibarretik; eta horrek asko lagunduko digu. Partidu zaila espero badugu ere, gure maila emanez gero, emaitza positiboa lortu deza­kegula uste dut.

Eibarko jokalariek ez duzue berehalakoan ahaztuko denboraldi hau.
Nola bizi duzue taldean?

Ez dugu sekula ahaztuko. Guztiok dakigu zeintzuk diren Eibar bezalako talde baten indarguneak eta gabeziak, eta konziente gara egiten ari garenaren zailtasunaz. Ilusio haundiarekin ari gara bi­zi­tzen partidu bakoitza. Uste ge­nuena baino denboraldi hobea ari gara egi­ten; ilusio eta gogo haun­dia dugu. Hemendik aurrera orain arte jarraitutako bideari segi besterik ez dugu, bai baitakigu galtzen hasiz gero, berehala egingo dugula sailkapenean behera.  

Eta arlo pertsonalean nolako urtea ari da izaten?
Ez da nik nahi nukeen bezain ona izaten ari. Jokalarioi jo­ka­tzea gustatzen zaigu eta aur­ten ez nahiz aukera asko iza­ten ari. Hala ere, taldearen emai­tza onek beti laguntzen du­te ez jokatzearena hobeto eramaten.

Yuri Berchicheren konpetentzia gogorra
duzu hamaikakoan sartzeko, ezta?

Hala da, nik gehiago jokatu nahi badut ere, onartu beharra dut Yuri denboraldi oso ona egiten ari dela; eta kaltetua, arlo horretan, ni ari naiz izaten.

Hala ere, klubak erakutsi dizu zugan konfiantza duela eta beste urtebeterako
luzatu dizu kontratua.

Klubak renobazioa eskain­tzea ikaragarria izan da. Ez dut askorik jokatzen eta hala ere interes hori ikustea es­kertu egiten da. Nire egu­ne­roko lanean fijatu direla esan nahi du horrek, eta oso kon­ten­tu nago. Jarrera ho­rrek klub hau oso ezberdina dela ere era­kus­ten du; ez dira kon­petitzen duzunean baka­rrik fijatzen zugan, egunero egi­ten duzun lana kontuan iza­ten dute.

«Pertsona gisa
bete dut nire helburua: futbo­laria izatea. Jokalari gisa, Eibarrekin Aurreneko Mailan jokatu nahiko nuke».

Nolako liga bukaera
espero duzue?

Zaila, liga bukaera kon­pli­ka­tua es­pero dugu. Orain arte kos­ta egiten bazitzaigun par­ti­duak irabaztea, azken txan­pa ho­netan are ge­hiago. Talde guztiek dute zer­bait jokoan eta hori nabaritu egiten da berdegunean. Hala ere, orain arte bezela ja­rraituz gero, badugu aukera eta hori da inportanteena.

Eibarrek ba al du aukerarik datorren urtean Lehenengo Mailan jokatzeko?
Gaur egun igoera postuetan gaude; horrela jarraituz gero, noski joka dezakeela Lehe­nengo mailan.

Eta Gorka Kijerak ikusten
al du bere burua maila horretan?

Sailkapenari begirada bat bo­ta eta Primeran jo­katu dezakedala ikusteak urduritu egiten nau; hortan gutxi pen­tsatzen saiatzen naiz. Na­hia­go dut egunean bizi, etortzen de­na ongi etorria izango da. Primera oraindik ametsa da, gerta daitekeena, baina orain­dik ametsa.  

Zein da sekretua? Nola lortu du Eibarrek, igo berria eta mailako aurrekontu txikienetakoa izanik, lidertzan egotea?
Sekretua lana da, eguneroko lana. Gaizkak beti esaten di­gu he­men ez dagoela se­kre­tu­rik: la­na, lana eta lana. Bes­talde, la­gun kua­drila bat ga­ra eta badakigu irabazteko de­nok norabide berean joan behar dugula. Horrela ari da izaten, lana, umiltasuna eta gure arteko giro ona dira beraz klabeak; hori ze­laian nabaritu egiten da.

Berri txarrak ere badira Eibar aldean. Kapital-zabakuntza haundi bati egin beharko dio aurre taldeak aurten, ez badu 2garren B mailara jaitsi nahi. Nola bizi duzue egoera hori aldagelan?
Taldean ez dugu gaiaz hitz egi­ten. Badakigu klubak arris­ku h­ori baduela, baina gu bes­te zer­baitetarako gaude hemen.

Ez al da kontraesana, Eibar talde eredugarria izatea arlo ekonomikoan, baina
halako egoera baten aurrean egotea?

Argi dago kontraesan haun­dia dagoela; badira taldeak miloiak eta miloiak zor di­tuz­tenak, eta ezer gertatzen ez zaienak. Kontrapuntuan, gurea bezalako talde txiki batek ezin du halako arau bat bete eta mailaz jaisten dute... Ez da bidezkoa, baino legeak hori esaten du.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira Gorka Kijeraren helburuak?
Helburu nagusia da, aurten ahal den gehiena jokatzea eta taldeari ahal dudan gehiena laguntzea. Eta noski, taldeak ondo bukatzea denboraldia.

Zein helburu bete nahiko zenituzke futbol ibilbidea bukatu aurretik?
Helburu nagusia bete dut, lana gustatzen zaidan zerbait iza­tea: futbol jokalaria. Hala ere egun nola gauden ikusita, bete nahiko nukeen helburua da, Eibarrekin Primeran jokatzea. Lortzeko bidean nago.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!