Bost autore ezagun, zein baino zein bereziagoak, elkartu eta ikuskizuna sortu dute, eta Hernanin izango dira ostegunean, Hernani’n Musiken barruan. Jainko txiki eta jostalari hura izeneko ikuskizun berri honetan multimediak ere garrantzia du, eta poesiak, eta musikak... Biterin, ostegunean, 20:00etatik aurrera.
Antolatzaileen hitzetan, «ñabarduraz jositako» emanaldia izango da, indartsua, ederra eta liluragarria
Aurkezpenik behar ez duten autoreak
Zeinek ez ditu ezagutzen Mikel Urdangarin edo Rafa Rueda musikari eta kantariak? Edo Bingen Mendizabal, edo nola ez, Kirmen Uribe... Mikel Valverde ilustratzailea ere hor dute, eta antolatzaileek diotenez, «ñabarduraz jositako» emanaldia sortu dute, «indartsua, ederra eta liluragarria». Hor izango dira gitarra akustikoa, elektrikoa, mandolina, zazpi haridun biolina, teklatuak eta abar, poesia eta kantuarekin nahasian...
2003an elkartu zen talde hau lehenengoz eta CD-liburua sortu zuen: Zaharregia, txikiegia agian eta New Yorkeko Bowery Poetry Club ospetsuan aurkeztu zuten.
Sarrerak salgai daude Biteri kultur etxean, 7 euroan.