Comete Sarea: mugalarien etxerako bidea, Mendiriz Mendirekin

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 16a, 01:00

Comete Sarea izan zen Bi­garren Mundu Gerran Ale­ma­niak okupatuta zituen eremu­e­tan eroritako pilotu aliatuak berriro etxera itzultzen zituen sarea. Sare horretan parte har­tu zutenek pilotuak jaso eta, bide desberdinetatik, Ipar Euskal Herrira garraia­tzen z­i­tuzten. Ondoren, he­men­go gida­rien laguntzarekin, Bida­soa zeharkatu eta Oiartzunera hurbiltzen zituzten. Mugalari eta laguntzaile horietatik bat nabarmendu zen, Hernaniko Florentino Goikoetxea.
Aurreko urtean Ziburutik Oiartzunera mugalariek Bida­soa zeharkatzeko erabiltzen zuten bidea antolatu zuen Mendiriz Mendi elkarteak. Aurten, aldiz, mugalariek lana burutu ondoren Oiartzundik Hernanira bueltatzeko erabil zezaketen bide posible horietako bat egiteko aukera izango da. Bideak, bailara eta auzoetatik aldenduz, eremu garaiak erabiltzen ditu, horrela Guar­dia Zibilarekin eta erregimen faxistaren laguntzaileekin to­po egiteko aukerak murrizten baitziren.
Haietako iheslarietatik bi­zirik irauten duen bakarrenetariko bat Bob Frost da. RAFeko Halifax hegazkin bonbaketariaren atzealdeko artilleroa izan zenak 90 urte ditu eta berak kontatzen duenez, Flo-rentino Hernanira gida­tzen ari zitzaiola bideko zulo sakon batean erori zen eta «berehala esku handi batzuek eutsi eta untxi txiki bat izango banintz bezala zulotik atera ninduen».
Alde historikoaz gain, ibilbideak badu interes paisajistiko eta naturala Aiako Harria Parke Naturalaren barnean ibiltzen baita beti. Ibilbidea parkeak dituen 19 ibilbideetako hiru ibilbideen zatiak konbinatuz osatzen da. PR-Gi 1006, PR-Gi 1004 eta SL-Gi1003 dira ibilbide horiek. Bakoitzaren zati desberdinak elkartuz Oiartzun eta Hernaniko lurrak elkartzen dituen egun erdiko ibilbide interesgarria lortzen da. Ziurrenik lehen ibilbide horien tarte batzuk kontrabando bideak izan ziren eta beraz mugalariek etxera itzu­ltzeko erabilitako bideak izango ziren. 

Historia eta natura
Ibilbideak ekosistema ez­berdinez gozatzeko aukera es­kaintzen du. Ibilbidearen ha­si­e­­ran eta amaieran eremu garaietan zehar ibiliko gara. Ibilbidearen erdi aldean, Aitz­bi­tarte inguruan, Landarbaso errekaren ertzeko bioaniztasunaren aberastasuna bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu.
Horrez gain, lepo eta tontorren artean, hainbat monumentu megalitiko ezagutzeko aukera izango da. Horien artean, Igoringo Lepoa II izeneko trikuharria bereziki azpimarragarria da. Landarbaso erreka ederraren ondotik jaisten garenean Aitzbitarteko koben albotik igaroko gara. Beraz ibilbideak gure arbasoen bizilekuetara ere hurbiltzen gaitu. Ibilbidearen azken zatian, Igo­rin eta Akola gainak elkar­tzen dituen zatian, bost-zazpi trikuharrien albotik pasatuko gara.
Ibilbidea Larre Gain sagardotegian amaituko dugu gizon haien lana omentzeko bazkaritxo batekin.

Ibilbidearen nondik-norakoak
Ibilbidea hasteko, errepidez Oiartzunera hurbildu eta bertan Artikutzara doan errepidea hartu. Bost kilometro igo ondoren Sarobe baserrira iri­tsiko gara. Sorondo baserria eskuinean utziz PR-Gi 1006 pistari jarraitu behar zaio, hegoalderantz, aterpe bat alboan duen bidegurutze bateraino iritsi arte. Hemen PR-Gi 1006 bidea utzi eta mendebaldera egingo dugu GR 121 bideari jarraituz. Kilometro pasatxo egin ondoren Idurietako lepora iritsiko gara. Bertan PR-Gi 1004 bidea Gipuzkoari bira ematen dion GR 121 bidearekin elkartzen da. Pistari jarraituz Aldura aldera igoko gara. Al­dura gailurra eskuinean utziz, pistak behera eginez Mal­bazarreko lepora eramango gaitu. Tarte honetan, behean, ezkerrean, Añarbeko urtegia ikusten da.
Malbazarreko lepoan beste aterpe txiki bat dago. Lepotik gertu dagoen tontor txiki ba­ten atzean Malbazarreko pu­tzua dago. Bertan baso igel gorria (Rana temporaria), uhandre palmatua (Lissotr­i­ton helveticus) eta arrabio arrunta (Salamandra salamandra) anfibioak aurki daitezke eta baita burruntzia (Aniso­ptera) intsektua ere.
Putzutik behera, ipar aldera, egingo dugu. Bidezidor batetik 150 metro inguru egin ondoren SL-Gi 1003 ibilbidearekin topo egingo dugu. Es­kui­nera egin eta Landarbaso errekari jarraituz Aitzbitarteko kobetara jaitsiko gara. Bideari jarraituz berehala gara Lis­to­rretako atsedenlekuan.  Erre­­­pi­detik metro batzuk egin eta gero, ezkerrera hartu eta Igo­ringo lepora igoko gara. Bide­aren azken tartean hiru trikuharrien albotik igaroko gara. Lepora iristerakoan, beste  bi trikuharri eder ikus daitezke.
Lepotik hego-mendebaldera egingo dugu eta Arritxieta (375 m) eta Akola (337 m) gailurretik igaro ondoren La­rre Gain sagardotegira jaisten hasiko gara. Ibilbidearen zati honetan, gure ezkerrean, beti izango dugu lagun Urdaburu gailurra. Aurrean Onddi eta Adarra mendiak eta eskuinean, itsasoa hondoan dugula, Donostialdea osoa. Akola jaitsi ondoren, Sagiasteko lepoan beste bi trikuharri zoragarri ikusteko aukera dago. Jaisten jarraituko dugu eta berehala gara ibilbidearen amaiera izango den Larre Gain sagardotegian. 

Datu interesgarriak 
DISTANTZIA: 15 Km
DENBORA: 5 h.
DESNIBEL METATUA: Gorantz 500 m; Beherantz 700 m
ZAILTASUNA: Zailtasun berezirik gabekoa. 
BEHARREZKO MATERIALA: Men­­­­di­ko material arrunta.
IRTEERA EGUNA: martxoak 23.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!