Sagardoa famatuko duten hiru kofrade berri izendatuko dira gaur

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 16a, 01:00

Hernaniko Bertso Eskola, Aizpea Goenaga aktorea eta Nikolas Segurola artzaien maisua izendatuko dituzte Sagardoaren Ohorezko Kofrade. Goizeko 11:00etan egingo zaie harrera Xalaparta elkartean, eta 13:00ean, izendapena Biterin.

Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Hernaniko Kofra­diak bere XIX. kapitulua ospatuko du gaur, eta bertan, hiru Ohorezko Kofrade berri izendatuko dituzte: Hernaniko Bertso Eskola, Aizpea Goenaga aktorea, eta Arantzazuko artzai eskolako irakasle Nikolas Segurola.

Bestalde, urtero bezala, herri askotako kultura gastronomikoaren alde lanean ari­tzen diren beste hainbat kofradiatako ordezkariak ere etorriko dira.

Ekitaldia eta bazkaria
Goizeko 11:00etan hasiko du eguna Tolarea Sagardoaren Kofradiak. Ordu horretan ha­rrera egingo die hiru kofrade berriei, eta hamaiketakoa egingo dute denek Xalaparta elkartean.

Ondoren, eguerdiko 12:15e­tan desfilean aterako dira Her­naniko Kaxkoan barrena, Txis­tulari Banda lagun dutela. Segidan, 13:00ean, ekitaldi nagusia egingo da Biteri kultur etxean. Lehenengo Agurra dantzatuko zaie Ohorezko Kofrade berriei: Hernaniko Bertso Eskolari, Aizpea Goe­nagari eta Nikolas Se­gu­rolari. Gero, sagardoaren alde lanean jarraituko dutela zin egin beharko dute, esku bat kupelan eta bestea sagardo edalon­tzia heltzen daukatela.
Eguna borbobiltzeko Larre Gain sagardotegian bazkalduko dute denek elkarrekin.

20 kofradia, tokian tokiko
gastronomiaren alde

Hernaniko Tolarea Sagardoaren Kofradiaz gain, Euskal Herriko txoko askotako eta Espainiako Estatuko hainbat herritako kofradiak ere elkartuko dira gaurkoan, 20 inguru.

Besteak beste, urtero etor­tzen diren kofradiak ibiliko dira herrian barrena: Idia­zabalgo gazta, Tolosako babarrunak, Baionako urdaiazpikoa, Kan­tau­riko antxoa, Gi­jongo oricio edo itsas-trikuak, Beasaingo odolkia, Senpereko amuarraina, Nafarroako odolki-zuria...

Kultura eta ondarearen ordezkariak sagardoaren defendatzaile berri
Bertsolaritza berpiztu eta in­dar­tzeko lanetan 33 urte daramazki Hernaniko Bertso Eskolak. Aizpea Goenagak bizitza guztian egin du euskal antzerkia, eta gaur egun, zuzendaria da euskal kultura munduan barrena zabaltzeko ardura duen Etxepare Euskal Institutuan. Nikolas Segurola, berriz, Arantzazuko artzai eskolako sortzaileetako bat da, eta makina bat sari jaso ditu bertako ardiei esker.

Dudarik gabe, euskal kulturaren eta ondarearen alde lanean ari diren hiru ordezkari dira aurtengo Ohorezko Kofrade izendatuko dituztenak, eta sagardoarekin ere lan hori egiteko prest daude, dagoeneko egiten dutenaz gain.

Aizpea Goenaga berak onartu du sagardoa gustatzen zaiola «edari arina» delako eta «eguraldi ona dagoenean sa­gar­do frexkoa bezalakorik ez dagoelako!». Gainera, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez hasia da sagardoa munduko txoko guztietara zabaltzen.
Bertsolariek ere badute sa­gardozale fama; hernaniarrek behintzat bai, Txi­rrita zenetik hasita, eta gaur egun oraindik ohituta gaude sagardoaren bueltan bazkaltzen edo afal­tzen, bertso saio bat tarteko.

Nikolas Segu­rola azpeiti­a­­rra esnezaleagoa izango da. 12 urterekin Arantza­zura joan zen, fraile, eta fraileen baserri hartan, urte batzuk geroago, sortu zen Artzain Eskola, 1997an. Munduko txoko askotatik etorritakoei erakutsi die Segurolak artzai ofizioa, eta bere ardiek eta hauen esnearekin egindako gaztek makina bat sari jaso dituzte. Seguru sagardoa ere primeran zainduko duela.

Gaurko hiru Ohorezko Ko­frade berriekin 60tik gora dira Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak izendatu dituen pertsona edo taldeak, azken 19 urteetan.

Hernaniko Bertso Eskola

33 urtetako ibilbidean makina bat bertsolari sortu dira Hernanin

Txirrita edota Paulo Zubiarrain, Hernani Txikia bertsolariak bezain ezagun egin dira, gaur egun, Hernaniko Bertso Eskolak eman dituen hainbat bertsolari gazte. Eta bertsolari zaharren moduan, gazteek ere badakite sagardoaren bueltan egjndako bazkari eta afariak bertsoekin majo goxatzen! Gaurkoan ere ez dute aukerarik galduko, sagardoaren ohorezko kofrade egin eta sagardotegian bapo bazkaltzeko. Hainbat belaunalditako bertsolariak elkartuko dira. Batetik, Iraulio Panttalone taldekoak. Bestetik, 1983tik aurrera herriko eskola eta ikastoletan sortutako bertso eskoletakoak. Baita 1989tik aurrera Biterin sortutako Herriko Bertso Eskolan ikasitakoak ere. Eta nola ez, 1996etik aurrera Paulo Ttikiya eskolan sortutakoak: ikasle izandako irakasleak, irakasle berriak eta ikasle berriak. 33 urte dira dagoeneko Hernanin bertso eskolen mugimendua sortu zela, eta ez da nolanahikoa izan egindako lana, ezagun askoak egin baitira bertatik pasatako asko. Ziur gehiago ere izango direla!


Aizpea Goenaga

«Igande batean edo piknikean zaudela, ez dago sagardoa bezelakorik!»

Aktore, gidoilari eta zuzendari lanetan egin da ezagun Aizpea Goenaga, eta gaur egun, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria da. Munduan barrena ibiltzen da euskal kultura zabaltzen, eta sagardoa askotan erabiltzen dutela onartzen du, jendea erakartzeko. «Azoketan-eta, stand edo postu bat jartzen dugunean, askotan eramaten dugu sagardoa. Gurean oso berezia izaten da, jendeari berezia egiten zaio eta asko eskertzen du. Azkenekoz, Bruselako azoka batean, txalapartarekin lotura duela-eta, sagardoa eraman genuen, eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen! Gurea da, eta ahal dugun lekuetan erakusten dugu». Goenagak berak ere gustokoa du: «oso edari arina egiten zait».


Nikolas Segurola

Artzai, bertsolari eta baita sagardozale ere!

Azpeitian jaiotakoa da Nikolas Segurola, Matximenta auzoko Largarate baserrian, duela 75 urte. Hamabi urte besterik ez zituela Arantzazura joan zen, ikasle lehenengo, eta fraile, gero. Fraileen baserrian, hain zuzen, Gomiztegin, hasi zen ardi-zaintzan, eta 1997an Artzain Eskola sortu zuen bertan. Ardi hauen esnearekin egindako gaztek edota Gipuzkoako ardi esnetsuenak izateagatik makina bat sari jaso ditu. Baita Gipuzkoako artzain onenari saria ere. Bertsotan ere askotan aritu da, eta txapelaren bat edo beste irabazi du. Baina gai-jartzen gehiagotan aritu dela esaten du. Euskal kulturari eta ondareari estu lotutako gizona da, beraz, Nikolas Segurola, eta sagardoaren ohorezko kofrade bikaina izango da, seguru, sagardoa famatu eta defendatzeko.

Ohorezko Kofradeak

  • 2013: Pedro Santa Kruz, Joxe Mari Aizega eta Maider Unda.
  • 2012: Julen Madina, Jose Luis Korta, Juanito Oiarzabal eta Julian Iantzi.
  • 2011: Julian Ezeiza Aterpe, Antton Garin, Elena Arzak eta Joxe Mari Gorrotxategi.
  • 2010: Mª Isabel Setien (‘Mokoko Maixabel’), Esther Esparza eta Ricardo Remiro.
  • 2009: Juanjo Uria, Lucio Urtubia, Atxen Jimenez eta Angel Alvarez.
  • 2008: Juan Mª Izagirre, Maider Te­lleria, Mirian Molina, Xabier Las­kibar, eta Orioko Arraun Elkartea.
  • 2007: Rosi Talavera, Juan Mari Bel­tran, Txomin Perurena eta Angel Alkain.
  • 2006: Toti Martinez de Lezea, Andoni Egaña, Axentxio In­txauspe eta Parrokiko Korua.
  • 2005: Txomin Garmendia, Luis Alonso, Antonio Eguzkitza, Antonio Mercero eta Odol Emaileen Elkartea.
  • 2004: Jose Angel Gaztañaga, Patxi Ape­zetxea, Maria Jesus Fonbellida, Or­ganizacion Deportiva Diario Vasco, Jo­su­ne Bereziartu, eta Fermin Muguruza.  2003: Jesus Mari Zamora, Tito Irazusta, Edurne Pasaban, Felix Ares de Blas, Jose Miguel Bereziartu, CDH-ko pelota, Jose Juan Castillo eta Mari Carmen Uranga.
  • 2002: Txaro Artega, Jose Mari Irizar, Luis Irizar, Jose Mari Garin eta Errugbi taldea.
  • 2001: Tiburtzio Odriozola, Martin Garmendia, Etxebarren (semea), Joxetxo Lizarreta, Andoni Aizpuru eta Elixabet Garmendia.
  • 1999: Tomas de la Cuadra Salcedo, Kantuz abesbatza, Hilario Arbelaitz, Amaia Zubiria, Paulo Txikia eta Vicente Zaragueta.
  • 1996-1998 eta 2000: Mariano Ferrer, Ane Igartiburu, Rosario Zapiain, Asensio Iguaran, Joxan Tolosa, Jose Manuel Iradi, Juan Mari Arzak, Luis Gorrotxategi, Elisabette Arrillaga, Miguel Zubeldia, Martin Berasategi, Josetxo Lizarza, Hernaniko txistulariak, Hernaniko Musika Banda, Rufino Izagirre, Jose Izagirre, Martiatu anaiak, Kontxi Odriozola, Patxi Bisket, Ignacio Javier Larrañaga, Juan Goikoetxea, Pedro Subijana, Itziar Gurmendi, Isaac Salaberria, Maite Arostegi, Juan Ignacio Kerejeta, Tolanda Alozala, Miguel de La Cuadra Salcedo, Modesto Lasa, Ricardo Ramos.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!