Urtero bezala, Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek gai bat landu dute, Eskolako Agenda 21 programaren barruan. Oraingo honetan, kontsumoa aztertu dute; kontsumo jasangarria. Datuak bildu eta herriko egoera aztertu dute. Eta egoera hobetzeko, hainbat gauza egiteko prest azaldu dira ikasleak: gurasoei herriko dendetan erosteko esan, ura eta argia behar denean bakarrik ibili, pobreei lagundu, kotxea gutxiago erabili, zaborra zaborrontzira bota...
Dena dela, Udalari ere hainbat hobekuntza eskatu behar zaizkiola ikusi dute. Hori horrela, astelehenean Andoni Gartzia alkatearekin bildu ziren. Honako eskaerak egin zizkioten Udalari: Herriko denda txikiak laguntzea, fabrikak kontrolatu eta modu garbian lan egiten dutela ziurtatzea, ibaira egiten diren isuriak kontrolatzea, zaborren usaina kontrolatzea, zaborrontzi gehiago jartzea, etxe haundirik ez egitea, aparkalekuen ordez parkeak eta futbol zelaiak jartzea, bidegorria luzatzea Zarkumendegira...
Alkateak azaldu zuen kontuan izango zituztela eskaerak eta horietako batzuk martxan zeudela dagoeneko: «zaborrontzi egokiak jartzekotan gara eta futbolean edo beste kiroletan aritzeko kantxa bat egingo da Ergobi inguruan».