Goizuetan, basoa ateratzeko enkantea irekitzea onartu zuen Plenoak aurreko astean. Beraz, proposamenak egiteko aukera dago orain. Herri lur horiek, Biribilta mendian daude, Anixar, Beileku eta Basakaundi parajeetan. Nafarroako Gobernuak 424.325 eurotan (IVA-BEZ gabe) baloratu du eremu horretatik Udalak lortu dezakeen dirua.
Datuak, bi sobretan
Enkantea publikoa da eta edozein partikularrek hartu dezake parte. Plegu itxian egin behar da proposamena eta udaletxeko idazkaritzan entregatu behar da. Postaz ere bidali daiteke, baina kasu horretan, horren berri ematen duen akreditazioa bidali behar da udaletxera, fax bidez (948 514 385) edo helbide elektroniko bidez (udala@goizueta.es). Proposamenak entregatzeko azken eguna, martxoaren 15a da, heldu den larunbata. Udaletxea itxita egonen denez, buzoian sartzeko aukera izanen da.
Plegu bakarra entregatuko da eta kanpoan jarri beharko dira ze enkantetara aurkezten den eta eskaintzailea identifikatzeko datuak. Bere barruan, bi sobre itxi sartu beharko dira. Lehenengo sobrean, dokumentazio administratiboa sartu beharko da, baldintzak betetzen direla ziurtatuz; eta bigarrenean, dirutan egiten den proposamena.
Sobreak martxoaren 21ean irekiko dituzte udaletxean, goizeko 09:00etan.
Insignis pinua
Atera beharreko egur mota insignis pinua da eta egur bolumena, 16.973 m3. Behin betiko adjudikazioa egin ostean, 12 hilabetetako epea egonen litzateke zuhaitzak moztu, landu eta ateratzeko.
Ordainketa honela egin beharko da: %50 ordaindu, lanak hasi aurretik; %25 lantzean, %25 ordaindu; eta beste %25 lantzean, gainerako guztia. Pleguak udaletxean daude eta mendia ikustera joateko aukera dago.