Sagardoaren Lurraldeak ez du mugarik

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 15a, 01:00

Aurrera doa txotx denboraldia, eta hilabete eta erdi barru bukatuko da. Hala ere, Sagardoaren Lurraldeak urre koloreko edari goxoaz gozatzeko aukera zabala eskaintzen du urte osoan zehar: museoak, ibilaldiak, dastaketak, bazkariak...

Urtarrilaren 15ean ospatu zen Astigarragan Sagardo Be­rriaren Eguna. Kalakan musi­kari taldeak probatu zuen ur­teko sagardo berria, eta hortik au­rrera, bidea ireki zen guz­tientzat. Apirilaren bukaera aldera arte izaten dira zabalik txotx denboraldiko sagardotegi gehienak, baina Sagardoaren Lurraldean bada aukera sa­gardoaz urte osoan zehar gozatzeko.
Txotx denboraldiaren ire­kiera egunaz gain, badira As­tigarragan bereziki garran­tzitsuak diren beste bi egun: Santa Ana eta Sagar Uzta. Eta horrez gain, beste hainbat ekintza antolatzen dira Sagar­doaren Lurraldean, Astigarra­gako Sagardoetxea museoak, herriko hainbat kultur taldek eta Gipuzkoako hainbat sagar­dogilek osatzen duten ekimen honen bitartez.

Euskal Herriko Sagardo Egunik zaharrena, Santa Ana
Uztailaren 26a da Santa Ana egu­na, eta Astigarragako Sa­gar­do Eguna ospatzen da or­duan. Euskal Herriko Sagardo Egunik zaharrena da, 1976 urtean hasi baitzen ospatzen.
Santio jaiekin egiten du bat Santa Anak, eta festetan txoko berezia izaten du ospakizun honek. Astigarragako eta in­guruetako sagardoak proba­tzeko aukera izaten da bertan, eta herri-kirolak, euskal dantzak, bertsolariak... ere izaten dira.

Tolareko lanak hasiko diren seinale, Sagar Uzta
Astigarragako Sagardo Be­rri­aren Egunak sona haundia du, baina horretarako, sagardoa egin egin behar da, lehenengo. Iraila bukaeran hasten dira tolareko lanak, hurrengo urteko sagardo berria egiteko, eta orduan ospatzen da As­tigarragan Sagar Uzta.
Egun hau ere jendetsuagoa izaten ari da urtetik urtera. Sagar erakusketa jartzen da, eta urteko lehenengo muztioa pro­batzeko aukera izaten da. Horretarako, tolare zaharreko la­nak egiten dituzte Foru pla­zan: txalapartaren erritmora kirikoketan aritzen dira sa­garrari zukua ateratzeko.

Sagardoetxetik Sagardoaren Lurraldera
Astigarragako sagardoaren hiru egun berezi horiek an­tolatzen ditu Sagardoaren Lu­rraldea ekimenak, Sagardoe­txe­aren, Astigarra­gako hainbat kultur elkarteren eta Gipuz­koako beste hainbat sagar­dogileren elkarla­naren bitartez.
Baina horrez  gain, beste hain­bat ekintza eta espe­rien­tzia enoturistiko antolatzen dituzte, Sagardoetxea museo­a­ren bitartez kudeatzen dire­nak.
Ematen den aukera horie­tako bat da Sagardoetxea mu­seoa ezagutu eta ondoren sa­gardotegi batean ohiko menua probatzea.
Bestalde, ibilaldi bat ere egin daiteke Santiagomendin barrena. Gida batekin egin daiteke, eta Santiagomendiko baserrien eta Astigarragako historiaren berri ematen da bertan, beti ere, sagardoaren kulturari lotuta. 
Sagardotegiko menua gehiegitxo dela iruditzen zaio­nak ere badu sagardoa proba­tzeko azukrea. Izan ere, hainbat sagardotegitan probaketak edo dastaketak egi­ten dira sagar­dogileek beraiek lagunduta, sagardoaren ezauga­rri guztiak ezagutzeko.
Astigarragatik ateratzeko aukera ere eskaintzen du Sa­gardoaren Lurraldeak. Sagar­doa eta itsasoa deitu diote espe­rientzia horri. Itsasoak sagar­doarekin duen lotura era­kusten da, eta aukera iza­ten da mu­seoak bisitatu, itsa­soan ibili eta sa­gardotegian bukatzeko.
Museo horietako bat, noski, Sagardoetxea bera da. Hemen, museoaz gain, sagastia bisi­tatzen da: sagar barietate des­berdinak ikusi, txertaketak nola egiten diren eta sagarra nola biltzen den ikasi, txi­kitzeko eta prentsatzeko mo­duak ezagutu... Eta urtaro ba­koitzean sagar­doarekin lo­tu­tako garaiko pro­ze­suaren berri ematen da: neguan, ha­ziak erein, udabe­rrian, poli­nizazioa eta erleen mundua; udaran, inausketa; eta udazkenean, tolare lana.

Aukeratu nola, non, eta noiz egin nahi duzun txotx
Sagardoaren Lurraldean sa­gardotegiak ezagutzeko aukera ere badago, eta nahi izanez gero, urte osoan. Txotx.info webguneak aukera ematen du ezaugarri guztiak ikusi eta erreserbak egiteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!