Independentistak sarean aipatzen duzu «pertsona erdigunean izango duen Estatu bat nahi» duzula. Nolakoa izango litzateke?
Independentistak Sareak egin zuen ekimen batean, Zergatik independentzia? galderari ahalik eta erantzun laburrenak ematea eskatzen zen. Egia esan independentzia nahi izateko mila arrazoi ditut, baina erantzun horrek biltzen zituen arrazoietako asko.
Zoritxarrez, gutako askok ezin dugu imajinatu ere egin nola bizi gaitezkeen bankuen, espekulatzaileen, multinazionalen eta abarren gainetik pertsonak jartzen dituen estatu batean. Ez dugu sekula hori bizi izan eta, ondorioz, kosta egiten zaigu horrelako estatu bat imajinatzen. Doako eta kalitatezko hezkuntza, unibertsitatea barne, patriarkatua desagertzen saiatuko dena, lan baldintza duinak izango dituena, klase sozialen arteko diferentziak berdintzen saiatuko dena, hizkuntz eskubideei begiratuko diena... Estatua da pertsona erdigunean jartzen duena. Nire ustez, euskal estatu bat gertuago legoke horretatik, estatu espainiarra eta frantsesa baino.
Estrategia askatzaileak hausnartzen. Zein izan daitezke estrategia horiek?
Estrategia askatzaileek arrakasta izan dezaten, lekuan lekuko berezitasunak kontutan hartu behar dira. Leku batean arrakasta izan duen bideak, beste batean ziurrenik ez du emaitza onik emango. Orain jende asko Kataluniara begira dago, eta badago nolabaiteko tentaldi bat hango urratsak eta tenpusak kopiatzeko. Hau akatsa litzateke.
Dena dela, badaude estrategia askatzaile guztietan eman diren berezitasun batzuk, independentzia helburu duten estrategia guztiek bete beharrekoak. Gehiengoa independentziaren alde jartzea lortu behar da, eta, polarizazioaren bidez, independentziaren alde jende asko lanean jarri.
Zer egin dezakete herritarrek estrategia horiek funtziona dezaten?
Herritarrek modu eraginkor batean indarra egin dezaten, lehenik eta behin jakin behar dute, gutxi-gorabehera independentziarako bidearen zein kilometrotan dauden, eta bigarrenik, bide horretan aurrera egiteko ibilgailurik egokiena aukeratzen. Euskal Herria bere tokia bilatu nahian ari da, eta independentismoa ere horretan da.
Eskoziar eta Kataluniar independentismoek lortu dute subjektua zabaltzea eta polarizazioa, eta Estatua lortzeko fasean daude. Normala den moduan, hori akuilu moduko bat da guretzat. Baina Kataluniarren neurrian gaur bertan jarri beharko genukeela pentsatzen badugu, kaltegarria suertatu daiteke.
Herritarrok, hortaz, eragin dezakegu independentista berriak sortzen, independentziaren beharra behin eta berriz plazaratzen, eta sortuko diren konfrontazio esparruetan buru belarri geurea defendatzen.
Iruditzen zaizu gizartea mugitzen ari dela?
Independentziaren inguruko polarizazioa lortzeko, ezinbestekoa da konfrontazioa sortzea, konfrontaziorik ezean statu quo-ak irabazten baitu. Hau da, gauzak bere horretan jarraitzen dute. Baina edozein konfrontaziok ez du balio. Etxarrin, adibidez, herri kontsulta bat antolatu dute, eta polarizaziorako eta aktibaziorako positiboa dela iruditzen zait. Gure herri eta auzoetan egiten dugun edozer, beste bultzadatxo bat da.
Zein dira hemendik aurrera eman beharreko pausuak?
Independentziarako bidean, non gauden baldin badakigu, errazago egingo zaigu aurrera begira eman beharreko pausuak zehaztea. Atzerago aipatu dudan moduan, independentismoa indartzeko momentuan gaude. Horretarako, konfrontazioa sortu behar dugu alde batetik, eta aliantzak egin beharko ditugu, bestetik.
Diskurtso berri bat eraikitzea ere urgentea da. Estatua inoiz baino gertuago izango dugu, jendeak ikusten duenean independentziaren aldeko borroka, eta demokraziaren eta askatasunaren aldeko borroka batera doazela.