Momentu honetan, 8garren postuan zaudete, ze balorazio egiten duzu?
Denboraldia oso ondo hasi genuen. Izan ere, aurredenboraldian ere fuerte aritu ginen. 6 partidu irabazi genituen jarraian eta aurrekaldean jarri ginen sailkapenean. Gero ordea, bolada txar xamarra izan genuen. Partidu dexente irabazi gabe... Arrazoi nagusiak izan ziren, lesioak eta bajak. 25 jokalaritatik 10 baja izan genituen. Gainera, lesio asko, denbora luzekoak. Orain, berriz, ondo gaude. Jende gaztearekin eman diogu buelta.
Talde gaztea duzue beraz?
Bai, oso gaztea. Esaterako, aurreko larunbatean jokatu zuen hamaikakoaren media, 21 urtekoa izan zen. Lehenengo eta bigarren urtekoak dira ia denak. Aurreko partiduan, 2 jubenil ere aritu ziren. Talde polita dugu eta datozen urteetan sendotzen joango da. Taldekideak ere oso konprometituak dira eta, alde horretatik, oso gustora nago. Hori bai, zenbait momentutan esperientzia falta nabari da. Adibidez, 1-0 galtzen ari bagara, buruarekin jokatu beharrean, bihotzarekin mugitzen da partidua eta horrek ez du laguntzen.
Ze helburu daukazue?
Helburu orokorra da, jokalari gazte horiek esperientzia hartzen joatea. Klubak hartu duen filosofiarekin ere jarraitu nahi da. Orain, garrantzia ematen ari gara etxeko jokalariei. Lehenengo taldean, 25 jokalaritatik, 20 harrobikoak dira. Kluba lan ona egiten ari da zentzu horretan.
Eta ligari begira?
7 partidu geratzen dira eta ahalik eta partidu gehien irabazi eta ahalik eta goienean bukatzea da helburua, alde batetik. Bestetik, 34 puntu ditugu dagoeneko eta ez dugu mailaz jaisteko arriskurik. Hori horrela, lasaitasun horrekin jokatu eta disfrutatzea da asmoa. Eta azkenik, partaidetza bultzatzea. Jokalari desberdinek eta gazteek jokatzea.
Partidu zailak geratzen al zaizkizue?
Partidu guztiak dira oso lehiatuak. Talde guztiak oso parekatuak gara. Ez dago egurra eman digun talderik, ezta erraz irabazi diogunik ere. Edozein partidu galdu edo irabazi dezakegu. Egia esan, orain goian dauden talde guztiei irabazi diegu. Berez, ez dira gu baino hobeak, baina gauza batzuk edo beste ez ditugulako ondo egin, erdi parean gaude.
Gaurko derbiari dagokionean, partidu berezia izango da, ezta?
Hernaniren aurkako derbia beti da partidu berezia. Beti dago pike sano bat ondoko herriarekin eta giro ona izaten da. Gainera, Hernaniko jokalari batzuk ere baditugu. Beraz, partidu polita izango da. Han jokatu genuen partidua berdindu egin genuen.
Esan duzunez, jokalari konprometituak dauzka Mundarrok. Eta zaletuak?
Egia esan, astigartarrak ez dira asko hurbiltzen partiduetara eta ona litzateke jende gehiago animatzea. Esan bezala, etxeko jokalariak dira ia denak eta animo pixka bat ematea ederra litzateke. Gaur zelaira etortzeko gonbitea luzatzen diet denei.
PLANTILA
Jokalariak: Iñigo Garin, Urko Ezkurdia, Asier Nogales, Josu Garmendia, Miguel Gonzalez, Adur Basurko, Beñat Arejula, Eneko Etxeberria, Jon Rekalde, Arkaitz Gutierrez, Jon Rios, Aitor Odriozola, Yorkis Abranson, Asier Gutierrez, Gorka Padilla, Egoitz Sayar, Unai Estevez, Jon Goñi, Ignacio Santamaria, Andoni Otaño, Andres Iraundegui, Kepa Zubillaga, Gorka Ibarburu, Borja Gomez, Antonio Antunes, Iban Gomez, Jon Arzallus, Iñigo Gonzalez, Eneko Izeta eta Mikel Arco.
Entrenatzailea: Josu Zubia.
Delegatua: Angel Barjakoba.
Laguntzaileak: Aitor Iraola eta
Iñigo Vallejo.