Jauregiko bizilagunak keja dira, Saltzateko erreka (Izoztegiko erreka ere esaten diote) oso zikin omen dijoalako azken bi hilabeteetan. Erreka noiznahi zuri-zuri ikusten omen dute, eta gasoil usaia eta arrastoak ere somatu litezke oraindik. Erreka horrek muga egiten du Lasarte-Oriarekin. Ilarratsueta aldetik dator, Zabaleta auzoan barrena, eta Lasarten bat egiten du Oriarekin. Kronikak baieztatu ahal izan duenez, punturik geldienetan, nabarmen ikusten da zuritasuna. Gasoila nabaria da errekaren gainean, eta usaia ere aditzen da.
Bi hilabetez inguruegoera horretan
Bizilagunek kolektoreko obrari egozten diote erreka zikindu izana. Usurbil eta Lasarte-Oriako kolektorea Sorgintxulorekin ari dira lotzen,
eta bailara horretan tunela egiten ari dira. Bizilagunek diote lan horiek hasi zirenetik zikindu dela erreka, eta bereziki joan den asteburuan izan omen da kolperik haundiena, batez ere, gasoil usaia eta hondarrak oso nabariak omen ziren.