Azken bi urteetako ikasturte amaierako emanaldiak izandako arrakasta ikusita, beste bat prestatu du aurten Ttarla dantza taldeak. Baina hau desberdina izango da. Ikasturte amaieran taldeko gaztetxoenei emango diete protagonismoa, eta oraingo emanaldian, taldeko helduenak ikusteko aukera izango da.
Emanaldi berezia eta musika talde berria
Emanaldiak ‘Zura’ izena du, eta apirilaren 5ean ikusi ahal izango da, gaueko 22:00etan hasita Hernaniko kiroldegiko frontoian.
Ikuskizun berezia izango da. Ikasturte bukaerakoa mantendu egingo dute, baina bertan taldeko gaztetxoenak arituko dira dantzan. Zura ikuskizunean, berriz, Ttarla dantza taldeko helduenak ikusteko aukera izango da, 30 dantzari inguru. Lehengo urteko ereduari jarraituta, euskal dantza tradizionaleko pausuak erabiliko dituzte dantza-ikuskizun berri bat sortzeko.
Horrez gain, aurten musika talde propioarekin sortu dute emanaldia: Zugazti taldearekin. Musikari gazte hernaniarrek osatutako taldea da hau, gitarrak, perkusioak, biolinak, ahotsak, akordeoiak, panderoak, pianoak eta txalapartak osatua. Aire berriak ekarri nahi dizkiote horrela, dantza-emanaldiari.
Sarrerak salgai, 3 eurotan
Emanaldirako sarrerak salgai jarri dituzte, dagoeneko. 3 euro balio dute eta Rufino, Zintzarri eta Aralar tabernetan erosi daitezke.
Hernaniko kiroldegiko frontoian eskainiko dute dantza-saioa, eta aforo haundia badu ere, sarrerak lehenbailehen erostea komeni da. Dantzariek dei egiten diete dantza gustokoa dutenei emanaldiaz gozatzeko. Era berean, argitu dute ikasturte bukaerako beste emanaldia ere mantenduko dutela, ekainean.