Mendiko erdi maratoia antolatu dute maiatzean: Mandoegi igo eta jaitsi

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 15a, 01:00

Lasterketa maiatzaren 17an izanen da eta izen ematea zabalik dago, ‘kirolprobak.com’ helbidean. Kanpotarrentzat eskaintza berezia ere pentsatu dute: Zubimuxu aterpean afaria, gaua, gosaria eta lasterketako izen ematea. 

Mendizaleek erronka berria dute Goizuetan. 21,4 km-ko mendi lasterketa, hau da, erdi maratoia. Goizutrail izena jarri diote mendi lasterketari eta aurreneko aldiz eginen da. Maia­tzaren 17an izanen da, larunbatean, eta izen ematea za­balik dago. Gehienez, 150 korrikalarik hartu dezakete parte.

1.300 metroko desnibela
Ibilbidea, Goizuetako plazan (154 m) hasiko da. Xenda eta pisten bitartez, igoera luze eta gorabeheratsua izanen da Mandoegiko tontorrera iritsi arte (1.045 m). 9garren kilometroan izanen da hori. Ondoren, Mandoegiko gailurretik jarraituko du ibilbideak eta bukatzeko, herriko plazara jaitsiko da berriz. Azken bi kilometroak nahiko lauak dira. Desnibela 1.300 metrokoa da eta ibilbide guztia, mendiko xenda, pista eta larrean zehar izanen da. 
Ibilbidea behar bezala markatua egonen da eta bertan edateko eta jateko puntuak izanen dira. Parte hartzaile guztiek istripu aseguru bat izanen dute. 


Berez, 20 euro; eskaintza berezia, 50 euroan
Aurrez izena eman nahi duenak internetez eman dezake kirolprobak.com helbidean. Egunean bertan ere aukera izanen da Umore Ona elkartean, karrera baino 30 minutu lehenago arte. Izen ematea, aurrez, 20 euro da. Goizuetan bizi direnentzat edo erroldatuentzat, 15 euro. Egune­an ematen dutenentzat, berriz, 25 euro. Horrez gain, eskaintza berezia prestatu du Zubimuxu aterpeak kanpotarrentzat. Bez­peratik joanda: afaria, gaua, gosaria eta izen ematea, 50 euroan.

Dortsalak, egunean
Dortsalak egunean bertan jasoko dira 08:00etatik aurrera, Umore Ona elkartean. Lasterketa 09:00etan hasiko da. Arropa jasotzeko zerbitzua egonen da plazan.
Probaren kontrola antola­tzaileek eginen dute eta sailkapenak kirolprobak orrian argitaratuko dira.
Sari banaketa, lasterketa bukatutakoan eginen da. Sari banaketa egiten den bitartean, hamaiketakoa izanen da parte hartzaile guztientzat. Parte hartzaile guztiek opariak izanen dituzte eta antolakuntzak lortzen dituen beste opari ba­tzuk ere zozketatuko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!