Punturen bat lortu beharra du Zubirik, aurrera egiteko

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 15a, 01:00

Txapelketako bigarren partidua jokatuko du gaur Zubirik, Urrizarekin. Ezkurra eta Endika izanen dituzte aurrez aurre. Aurreneko partidua galdu arren, 2 puntu lortu zituzten. Gaurko emaitza erabakigarria izanen da.

Sagardoaren Txapelketari ostegunean ekin zion Aritz Zubiri erremontista goizuetarrak. Urrizarekin osatu du bikotea eta hasiera ez dute nahi bezain ona izan. 37-40 galdu zuten Etxeberria IV eta Ionen aurka. Dena dela, bi puntu lortu zituzten eta aurrera jarraitzeko aukera badute oraindik. 
Horretarako, garrantzitsua izanen da gaur irabaztea. Bestela, punturen bat lortu beharko dute gutxienez, txapelketan jarraitzeko.

Garaipen beharrean diren aurkariak
Urriza eta Zubirik gaur jokatuko dute txapelketako bigarren partidua eta aurrez aurre izanen dituzte Ezkurra eta Endika, oraindik partidurik irabazi ez, eta punturik lortu ez duten bikotea. Irabazten ez badute, txapelketatik kanpo geratuko dira. Beraz, lehia estua izanen da gaurkoa.
Erremonte jaialdia 16:00e­tan hasiko da Hernaniko Ga­larreta frontoian eta jaialdiko bigarren partidua izanen da. Ondoren, txapelketako beste partidu bat ere jokatuko da.

Altzuetaren izenean
Sagardoaren Txapelketan 8 bikote dabiltza lehian, bi taldetan banatuta. Bikote bakoitzak sagardotegi baten izena darama kamixetan. Urrizak eta Zubirik Altzuetarena daramate eta A taldean daude. Honakoak dira taldeko beste bikoteak: Ezkurra-Endika (Larre-gain), Etxeberria IV-Ion (Bereziartua) eta Uterga-Olazar (Saizar). Li­gax­kan, bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute; bakoitzak hiruna partidu. Talde bakoitzeko bi bikote onenak finalerdietarako sailkatuko dira. Fina­lerdiak apirilaren 12an jokatuko dira eta finala, apirilaren 19an.
Azken txapelketetan bezala, ligaxkan puntuak banatuko dira: irabazten duenak 4 puntu lortuko ditu; 36-39 tantorekin galtzen duenak, 2 puntu; 32-35 tantorekin, puntu 1; eta 32 tanto baino gutxiagorekin galtzen duenak, 0 puntu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!