«Minik haundiena ematen digu, Barne Sailak gezur horiek esateak gertatu zenari buruz»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 15a, 01:00

Kontxi Sanchiz 2004ko martxoaren 14an hil zen, ertzaintzaren karga baten erdian, eta 10 urte beranduago, familiakoek salatu dute heriotzak argitu gabe jarraitzen duela.

Egun seinalatua zen atzokoa hernaniarrentzat, 10 urte bete baitziren Kontxi Sanchiz hernaniarra hil zela, ertzaintzaren karga baten erdian. Gertaera nola izan zen bertsio ezberdinak izan ziren orduko hartan. Fa­mi­liak salaketa jarri zuen Do­nostiako Epai­te­gian, eta salatzen du, oraindik gertaera hark argitu gabe jarraitzen duela.

«Ertzain bati laguntza eskatu nion, eta hark erantzun zidan: ‘neri bost axola’»
Egun bat lehenago, martxoaren 13an, Iruñean Angel Berroeta hil zuten, polizia batek eta haren semeak. Egun bat beranduago, heriotza hura salatzeko, manifestazioa egin zen Hernanin, eta 400 bat lagun bildu ziren. Puntu batean Er­tzain­tzak geratu egin zuen ma­nifestazioa, pankartako hain­bat kide identifikatzeko.  Tentsio momentuak sortu ziren, eta manifestazioak aurrera egin zuen arren, ertzaintzak kargatu egin zuen. Nagore Gonzalezek, Kontxi Sanchizen alabak, horrela gogoratzen du gertatutakoa: «Tentsioa zegoen, eta momentu batean ertzainek kargatu egin zuten. Gu manifestazioan gi­nen, eta Urbieta kalean zenez, portal batera jo genuen korrika, izeba han bizi baitzen. Ama erori egin zen, ez genekien zer zuen. Nik, larrituta, ertzain bati laguntza eskatu nion, eta hark erantzun zidan: ‘neri bost axola’. Alde egin zuten. Anbulatoriora joan ginen laguntza eske, eta 10 minutura-edo iritsi zen anbulantzia». Berandu zen. Barne Sailak emandako ber­tsioaren arabera, Kontxi San­chiz ez zegoen manifestazio har­tan, eta er­tzaintzak kargatu baino lehenago eman zion bihotzekoak. Osa­kidetzan 13:15etan erregistratu omen zuten anbulantzia eskaera, eta ertzainek 13:21ean kargatu omen zuten.
Kontxi Sanchizen familiak eta Ezker Abertzaleak oso gogor salatu zuten Barne Sailak adierazitakoa, eta salaketa jarri zu­ten Donostiako Epaitegian. Na­gore Gonzalezi mingarriena zaio Barne Sailak emandako ber­tsioa: «Minik haundiena ema­ten digu Barne Sailak gertatu zenarengatik gezur horiek esateak. Ez dakigu amaren osasun egoera zein zen, baina manifestazio hartan bazegoela bai. Oso mingarria da hori guretzat».
Urtero Angel Berroetaren fa­miliak gonbidatuta Iruñean izaten da Kontxi Sanchizen fa­mi­lia, egia argitzeko eskatuz. «Sa­la­­keta egina dago, Eusko Jaur­laritzan nik hitz egiteko eskaera ere egin zen... eta oraindik ez dugu erantzunik».

«Hernaniarrek badakite zer gertatu zen»
Hernaniarrek adierazitako ba­be­­sarekin oso eskertuta dago San­chizen familia. Gonzalezek dio, kontu haiek argitu beharra pixu gerta­tzen zaiela askotan, «go­go­ratzen zarenean zauria berriz irekitzea bezala da. Hala ere, orain ere joango nintzateke de­kla­ra­tzera, eskatuko baligute». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!