Gazte Eguna gaur, kapitulo berriak jarraipena izan dezan

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 22a, 01:00

AStigarragako gazte mugimenduak aldaketa ugari izan ditu azken urteetan eta horren emaitza izan da Gazte Asan­blada indarberritzea. Aldaketa honen adierazle, Gazte Egun bat antolatzea erabaki zuten Gazte Asanbla­dako kideek, eta hainbeste esperotako martxoaren 22a iritsi da. Helburu argia duen eguna: ondo pasaz, herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta gazteak mugiaraztea, aktibatzea. Betiko haizeak kantu berria dakar...

2012tik, prozesua
Herriko gazte mugimenduak azken urteetan izan duen aldaketa ulertzeko, 2012ra jo behar dela azaldu dute Gazte Asan­bladako kideek: «2012ko azaroan Zukgua prozesua jarri zen martxan eta horrek gazteen mugimenduan aldaketa ekarri zuen. Ordura arte, Astigarra­gan, gazteen mugimendua Gazte Asanbla­dan antolatzen zen, eta bere ekimen bakarrenetakoa, bakarra ez esateagatik, herriko festei lotutakoa zen.  Beraz, gazteen erreferente ba­karra zen, urtean egun gutxitan biltzen zen Gazte Asanblada bat».
Zukgua prozesua Euskal Herri osoan eman zen, ezker abertzaleko gazteen antolakunde berri bat sortzeko asmoz. Eta prozesu horren ondorioz sortu zen 2013ko martxoaren 2an, Ernai.
Prozesu hori Astigarragan eman zenean, gazteek herriari buruz zituzten iritziak eta kezkak konpartitzen joan zirela azaldu dute Asanbladako kideek: «Bi motatako kezkak genituela ikusi genuen: alde batetik, kezka sozialak zeuden, garai batean Gazte Asanbla­daren bitartez lantzen zirenak. Autokontsu­moa, etorkinen egoera eta herriko langileen egoera ziren ateratako kezketako batzuk. Bestetik, kezka politikoak zeuden. Ezjakintasun haundia zegoela konturatu ginen. Independentzia eta so­zia­lismo hitza askotan erabiltzen genituen, baina ze so­zialismo mota nahiko genuke?».

Bi talde berri: Ernai eta Esnatu Gazteak
Sortutako kezka horietatik bi talde sortu zirela azaldu dute Asanbladako kideek: «Alde batetik, Zukgua prozesuaren helburua zen gazte antolakundea sortu zen, Ernai, eta bestetik, lanketa soziala egingo zuen Esnatu Gazteak. Horrez gain, Gazte Asanblada zegoen, festen inguruko lanketa egiten jarraitzen zuena. Beraz, gazteen artean eragile bakarra egotetik, hiru eragile egotera pasa ginen. Eta eragile guztiak koordinatzeko, Gazte Mugimendua eratu zen».


Eragile gehiegi
Uda iristearekin, Gazte Mugi­menduak (Ernai, Asanblada eta Esnatu Gazteak) Astigarragako I. Topaketa antolatu zuen. Gazteek zenbait ondorio atera zituzten eta horien artean nabarmentzekoa, Astigarragan mugimendu bat sortzearen beharra; gazteak aktibatzeko beharra. Baita bil­tzeko toki baten beharra ere.
Udako oporren ostean, Gazte Asanbladaren inguruan, zenbait erabaki hartu zituzten. «Errealistak izateko, eragile gehiegi zeudela ikusi genuen eta Esnatu Gazteak alde batera uztea erabaki genuen. Horren aurrean, Gazte Asanblada indartzen hasi ginen. Helburuak zehaztu ziren eta ardurak banatu genituen. Helburu horietan, Asanbladak ekintza sozialak antolatu behar zituela zehaztu zen, ez bakarrik festa giroko ekintzak. Eta ildo politiko jakinik gabeko antolakundea izango zela erabaki zen. Beraz, Gazte Asanbladaren historian kapitulo berri bat idazten hasi ginen», diote. Ernaik bere bidea jarraitu du.

Mugimendua behar
Asanbladak indartuta ekin zion ikasturte berriari eta hainbat tailer eta ekintza egin dituzte; hala nola, autodefentsa tailerra. Bileren kopurua ere ugaritzen joan dela azaldu dute. Eta aldaketa horren islada gisa iritsi da gaurko Gazte Eguna. Argi dute: «Topaketan jarri genituen helburuak betetzeko, aurrena mu­gimendua egon behar du».

Hiru kontzertu, gaua girotzeko

22:30etatik aurrera kontzertuak izango dira. Hiru taldek joko dute: Trikoma Band, Okensay eta Ingo al deu.

Gazte Eguna behar bezala bukatzeko, kontzertuak izango dira Joseba Barandiaran plazan. Gaueko 22:30etatik aurrera, hiru taldek joko dute. Hasteko, Trikoma Band Gasteizko taldeak joko du. Ska-reggae musika jotzen dute. Ondoren, Okensay taldearen txanda izango da. Lasarteko gazteek osatzen dute talde hau eta rock musika jotzen dute. Azkenik, berbena izango da Ingo al deu taldearen eskutik.

EGITARAUA
11:30, olinpiadak, J.B. plazan.
13:00, Ikurriñaren aldeko ekitaldian hartuko du parte Gazte Asanbladak.
14:30, bazkaria, J.B. plazan.
16:30, Pelax bakarlaria.
17:30, elektrotxaranga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!