Azken partidua irabazita, play offa jokatzeko aukera Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 15a, 01:00

Asko hobetu du Hernanik: jokalari gehiago dituzte, entrenamenduak, partiduetara sasoi hobean iristen dira eta aldaketak egiteko aukera gehiago dituzte... Euskal Ligan aritu dira aurten, maila onean, eta bihar Landaren duten partidua da egindako lanaren sari eta seinale. Ligako azken partidua jo­katuko dute Uribe-Duran­goren kontra, eta irabaziz gero Play Offa jokatzeko aukera izango dute. Hernani hirugarren da sail­kapenean eta bigarren postuan bukatu behar du liga igoera fasea jokatzeko. Horregatik, bihar irabaziz gero, bigarren sailkatuak galdu zain egon behar dute. Gaztedi dijoa bigarren ligan, eta Unicaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Unicak irabaziz gero, Hernanik Play Offa jokatuko du.

Nola jokatuko da igoera fasea?
Hernani Play Offa jokatzeko sail­katuko balitz, bi fase gainditu beharko lituzke, Estatuko Oho­rez­­ko Mailara iristeko. Au­rre­ne­ko fasea egun bakarrean jokatuko litzateke: partidu mo­tzak, Es­ta­tuko gainontzeko li­ge­­tako bi­ga­r­ren sailkatuen kon­­tra. Hor na­gusituz gero, az­ken fasera pa­sako litzateke. Az­ken txanpa ho­netan, Oho­rezko mailako azken sailkatuen kontra neurtu beharko lituzkete in­darrak. Eta ondoen aritzen den taldeak lortuko luke, igoera.


Play Offa jokatzea, saria
Azken urteetan egindako lanaren saria edo ordaina li­tzateke taldearentzat, Play Offa joka­tzea. Amets kapitainaren esanetan: «gure ligan aritzen ez diren taldeen kontra jokatuko genuke, esperientzia ikaragarria. Gure­tzat saria izango litzateke, Oho­rezko Mailan jokatzeko hobetzeko asko baitugu oraindik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!