Urtean bi aldiz egiten da, eta asko egoten dira aukeraren zai. Hernaniko eta inguruetako dendek udazken eta neguko azken aukerak salgai jarriko dituzte Atsegindegin, bi egunez, Stock Azokan.
Likidazio garaia
Udaberriko moda gainean da, eta dendek oraindik badauzkate udazken eta neguko gauzak stockean. Hain zuzen, horiexek aterako dituzte kalera, eta denen artean, aukera polita osatuko dute eroslearentzat. Atsegindegin bisitari asko izatea espero dute aurten ere.
Urteroko moduan, 15 denda inguruk jarriko dituzte salgai euren produktuak. Hor izango da, batez ere, arropa aukera ederra: gizon, emakume eta haurrentzakoa. Eta horrez gain, drogeriako produktuak ere jarriko dira, eta baita deporte dendek ekarri lezaketena ere, hasi arropatik eta beste hainbat aukera.
Prezio bereziak
Urtean bi aldiz egiten da Stock Azoka, udaberrian eta udazkenean, eta beti izaten du arrakasta, batez ere, prezio oso bereziak izaten direlako. Bihar eta etzi bertatik buelta egiteko aukera ezin hobea dute hernaniarrek. Atsegindegin egongo dira, bihar, 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara. Gainera, larunbatean gaztelu puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat.