Kofradearen lana horixe izaten da, nonahira dijoala bere kofradiako produktuaren izen ona zabaldu eta defendatzea. Tolarea da Gipuzkoako sagardoaren kofradia, eta urtero kofrade berriak izendatzen ditu. Aurten hiru kofrade berri egingo ditu: Aizpea Goenaga, Nikolas Segurola eta Hernaniko Bertso Eskola.
Xalaparta elkartean ongi-etorria egingo zaie kofrade berriei 11:00etan, eta ondoren hamaiketako ederra egingo dute gonbidatu guztiek. Ekitaldi nagusiaren aurretik kalean desfilean ibiliko dira, 12:15etatik aurrera, Xalaparta elkartetik atera eta Biterira bitartean. Eguerdiko 13:00ean egingo dute ekitaldi nagusia. Ozenki abesbatzak kantatuko du, eta ondoren hiru kofrade berriak tabladura igo, eta zin egingo dute kupel aurrean.
Gastronomiaren desfilea, Hernaniko kaleetan
Kofradiaren egunean, inguruko kofradiak inguratzen dira Hernanira, norbere herriko gastronomia ezagutaraztera. Igandean etorriko dira: Idiazabalgo gazta, Tolosako babarruna, Baionako urdaiazpikoa, kantauriko antxoa, Gijongo itsas trikua, Beasaingo odolkia, Senpereko amorraia, Ezpeletako piperrak...