‘Burbunak eta Etsayak’: Urumeako natura eta ahozko ondareari tiraka...

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 9a, 01:00

Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea ikerketa lana egiten ari dira Urumeako biztanleek naturarekin izan duten harremana ikertzeko, eta horrek ahozko hizkuntzan izan duen emaitza biltzeko.

Urumea bailarako 25 etxetan baino gehiagotan elkarrizketak egin, 150 animali izen baino gehiago eta beste hainbeste landare izen biltzen ari dira Dobera Euskara Elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea.  Izen asko inoiz hiztegian azaldu gabeak dira eta beste asko galtzeko arriskuan zeudenak... Horrez gain, galdu diren animalien izenak bildu dira, eta baita horrekin lotutako kondaira eta mitoak ere.

Burbunak eta etsayak izena jarri diote egitasmoari, eta asmoa da Urumeako biztanleek naturarekin izan duten lo­tura ezagutzea, eta horrek utzi duen ahozko ondarea biltzea. Bideo-dokumental bat eta li­bu­ru bat argitaratu nahi di­tuz­te bildutako informazioarekin. Horrez gain, facebookeko orrialde bat ere jarri dute martxan, herritarrek parte hartu ahal izateko, eta egitasmoaren mo­mentuko informazioa izan dezaten. Face­booken, burbunak eta etsayak sartuta. Bi urte inguruko lana izango da, gutxigorabehera.
 

Bizimodua aldatzen, ezaguera aldatzen
Gizartea pixkanaka kaletar­tzen ari den bitartean, naturarekin izan duen lotura gero eta txikiagoa da, eta jakintza haundia galtzen ari da horrekin. Hala ere, oraindik badira sekulako ezaguera duten he­rritarrak, beren jakintza ezagutarazteko prest daudenak. Ez dago urte asko atzera egin beharrik, Urumeako biztanleek naturarekin izan duten harremana zenbatekoa izan den ikusteko. Animalia espezie ikaragarri identifikatu di­tuzte, eta bakoitzari bere izena eman, gainera: ugaztunak, arraiak, artropodoak, hegaztiak, narrastiak eta anfibioak... Landare eta perretxikuekin gauza bera, bai sendabelar, bai graminea... Dobera Eus­ka­ra Elkarteak eta Aran­zadi Zien­tzia Elkarteak elkarlanean bildu nahi izan dute jakintza hori.

Espezie arruntak eta galtzeko arriskuan dauden izenak
Kuriositatez beteta dago Uru­meako natur hiztegia. Anima­lia batzuk babestuta daude, gaur egun ia desagertu egin direlako lurralde honetan. Kasu hori da Cerambyx cerdoarena, adibidez. Hariztietan bizi den zomorro haundi horri bi etxetan bakarrik eman diote izena, eta besteetan ez dute ezagutu. Burbuna esan diote Ereñotzun eta Etsaya Jauregin. Espeziea bera hain berezia izaki, eta izenak ere galtzeko zorian daudela ikusita, egitasmoari izen horixe eman diote Doberak eta Aranzadik. Antzeko kasua da, Galemys pyrenaicus-arena. Ur-arratoya deitu diote ia galduan dagoen espezieari.

Beste muturreko kasuak ere badira. Animalia arruntak izanagatik, galtzeko arriskuan diren izenak badira. Adibidez, Caelifera zomorroari saltoperikua esan izan zaio Urumean, eta gaur egun matxinsaltoa esaten diote belaunaldi gazteenek. Anguis fragilis ere Uru­mea bailara ia denean (ez Jau­re­gi aldean) ziraba izan da, orain zirauna esaten bazaio ere. Animalia horiek arruntak dira, izenak daude arriskuan.

Arrobiyuaren kondaira, eta beste hainbat
Hiztegiaz gain, hainbat kondaira eta mito ere ezagutzen dituzte Urumeako biztanleek. Basoan lanean ari ziren mutilek babak prestatzeko ura hartu omen zuten errekatik, eta konturatu gabe arrobiyua (Salamandra salamandra) ba­rrura sartu. Babak prest zirenean, tapa altxa eta arrobiyua hilda azaldu omen zen ba­rruan. Batzuk ez omen zuten babarik jan, eta beste batzuk bai; jan zuten guztiak hil omen ziren. Kondaira hori etxe bat baino gehiagotan kontatu dute, eta beste hainbat ere bai: txepetxa eta txan­txangorriarena, muskarra...

Informazioa zabaldu
Aranzadi eta Doberaren as­moa da informazio hori guztia bil­du eta ondoren zabaltzea. Ho­rretarako, dokumental bat pres­tatzen ari dira TrukHD en­presako profesionalen es­ku­tik.

Horrez gain, liburu bat ere argitaratuko dute, animali eta landareen argazki, izen, eta azalpen nagusiekin.

Face­booken orria irekia dago, proiektuari buruzko in­formazioarekin, eta herritarrei parte hartzeko modua jarriko zaie, tarteka erronkaren bat edo beste eginaz. Egitasmo honek Ere­ño­tzuko Auzo Uda­laren eta Hernaniko Uda­la­ren laguntza dauka.

6 adibide motz-motzean...

Artropodoak: Burbuna edo etsaya,
harizti zaharretako hegalaria
Ingurua aldatzen joan den bezala, Cerambyx cerdo izeneko zomorroa asko urritu da gurean. Harizti zaharrak maite ditu, eta haien barruan urteak pasa eta gero aterako da zomorro itxuran, hegan, beroak hasten dituenean. Animalia bera babestua dago, eta Urumea bailaran bi etxetan bakarrik identifikatu dute izen eta guzti. Ereñotzun burbuna deitu diote, eta Jauregin etsaya. Ezaugarri horiengatik, egitasmoari izena emango dio.

Hegaztiak: Hernanin zortzi izenetik gora dituen txori koadrila-zalea
Izenik gehien eman dizkioten animalia hauxe da, Aegithalos caudatus, euskera batuan buztanluzea eta Urumea bailaran bederatzi modutara deitu diotena. Txikia eta talde zalea delako da ezaguna, koadrilan gozo ibiltzea gustoko duena. Hor geratuko dira hiztegirako, bere bederatzi izenak: Txirris­ka­laya, Isatsluzia, Buztanluxia, Kautxa,  Txirta-txoriya, Txirta, Txiyo ttikiya, Ttattarra eta Bolita.

Ugaztunak: Kattagorriya, izen bat bailara osoan
Belaunaldiak aldatzen ari diren bezala, animaliarik ezagunenek ere izena aldatu egin dute. Horren adibidea da Sciurus vulgaris, gazteenek urtxintxa esaten diotena, baina oraintxe arte bailara osoan kattagorriya esan izan zaiona. Hori bezala, matxinsaltoari saltoperikua esan izan zaio, edo kakalardoari akerramendiya, eta abar...

Arraiak: Xerbua, motela bezain gozoa
Arraietan ere badira batzuk ezagunak eta besteak ez hain ezagunak. Barbatula barbatula gutxik ezagutzen dute, exkallu artean nahasian pasa izan delako. Probatu dutenek oso goxoa dela diote. Lau izen eman dizkiote: Xerbua, Exkalluxarra, Muxarra eta Muxarkua. 

Landareak: Txantxilla belarra, izena bezain ezaguna baratzan
Zein baratzagilek ez du ezagutuko Oxalis latifolia, galtzen hain zaila den belar gorrotatua. Izana bezain ezaguna du ordea izena ere, askok Txantxilla belarra esaten diote, eta beste askok barrabasa. Guztira egitasmo honek 150 belar eta landare izenetik gora bildu nahi ditu.

Perretxikuak: Kurintua, denetan ederrena
Onak bezala txarrak, Urumeako bizilagunek ederki bereizten dituzte perretxikuak ere, zein bere izenarekin. Denetan estimatuena, Amanita caesarea, Hernanin kurintua esaten zaiona.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!