LOMCE Hezkuntzako lege berriari buruzko hitzaldia izan zen Ereñotzun otsailaren 20an. Imanol Zubizarreta Baikarako lehendakariak eman zituen azalpenak. Lege berri honek ekarriko dituen aldaketa nagusienak aipatu zituen.
Bere esanetan, Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloa DBH barruan sartzen da LOMCErekin; DBH atera gabe, Lanbide Heziketa egin daiteke (LH-FP). Horrez gain, ikasleek DBH 3 bukatzean aukeratu beharko dute matematika aplikatuak egin (LH-FP) edo matematika zientifikoak (Batxilergoa). «Horrek dakar ikasleak bereiztea. Egongo dira Lanbide Heziketako graduatuak eta Batxilergoko graduatuak», azaldu zuen Zubizarretak.
6garren mailan ere, azterketa
Etapa amaierako ebaluazioak egingo dira. 6garren mailan azterketa bat egin beharko dute ikasleek, derrigorrezko etapa bukaerako ebaluaziokoa. Azterketak Madriletik etorriko dira eta zuzentzen, eskolaz kanpoko irakasleak ariko dira. «Ez dago titulurik jokoan, zuzenean pasako dira DBHra. Orduan zergatik jarri dute azterketa? Kontrolatzeko eskoletan ze eduki lantzen diren eta eskoletako ranking-ak egiteko», argitu zuen Zubizarretak.
Bigarren azterketa DBH titulua lortzeko izango da. DBH4 bukatzerakoan egin beharko da eta kasu honetan ere azterketak Madrilgo gobernuak jarriko ditu. Gainditzen ez bada, bigarren aukera bat egongo da, eta bestela, hurrengo ikasturtera itxaron beharko dute ikasleek.
Batxilergoa bukatzean, hirugarren azterketa bat egin beharko da titulua lortzeko. Hori gaindituta, ez da selektibitatea egin beharko unibertsitatera sartzeko, baina unibertsitate bakoitzak aukera izango du proba propioak jartzeko.
Neurri hauek ikasleen kalterako izango zirela azaldu zuen Zubizarretak eta akademien negoziorako, onak.