Crana erakundea ixteko erabakia hartu du Nafarroako Gobernuak eta erabaki hori salatuz eta erakundeari babesa adieraziz, mozio bat onartu zuen Plenoak, ostegunean. Mozio honen bidez, Udalak bere haserrea adierazten dio Nafarroako Gobernuari eta eskatzen dio neurri hau berriro aztertzeko, erakunde hau mantendu dezan, eta batez ere, betetzen zituen funtzioak mantendu ditzan.
Crana (Centro de Recursos Ambientales de Navarra), erakunde publikoa da eta murrizketak direla eta, Nafarroako Gobernuak ixtea erabaki zuen urtarrilaren 22an. Erakunde honen bidez, ingurumenari lotutako hainbat ekimen egin dira Aranon eta inguruko herrietan. Azken urteetan boluntariotza bultzatu duela azaldu du Udalak. «Aipatzekoak dira bi ekimen: errekak garbitzea, eta Guratransekin batera, egutegi bat sortu izana. Emakumeak busti egiten dira izenarekin atera ziren egutegi hauek. Garai batean emakumeek errekatan egiten zituzten lanak azaleratu zituzten.
Horretarako, inguruko herrietako emakumeen argazkiak eta testigantzak bildu zituzten», azaldu du Ainhoa Ansa alkateak.