Txanpain botilarekin jaiotzen dira umeak Aranon

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 1a, 01:00

Esaten dutenez, umeak ogia besapean dutela jaiotzen dira, baina Aranon txanpain botilarekin jaiotzen dira. Halaxe gertatu zen behintzat, aurreko larunbatean, Inaute­rietan. Urtero bezala, Zahagi Dantza egin zuten arratsaldean Zomorroek eta aurtengo berezitasuna horixe izan zen. Ohi bezala, dantza osoan, bikote baten erlazioa irudikatu zuten, ezagutzen direnetik, guraso izan arte. Istorio berdina, baina momentuko inprobisazioarekin. Azken hiru urteetan egin bezala, Maitane Legarreta eta Maita­ne Sarobe aritu ziren bikote paperean. Denera, 20 bat zomorro atera ziren dantzan, haur, gazte eta heldu.
Goizetik jarri zu­ten giroa zomorroek. Puska-biltzen ibili ziren etxez etxe, Izer eta Ala­bie­rrek lagunduta.  30 bat la­gun elkartu ziren. Ondo­ren, indarrak berreskuratzeko, zo­mo­rro-bazkaria egin zuten San Roke soziedadean. 18:00­ak aldera jaiki ziren mahaitik Zahagi Dan­tzarako eta eguna bukatzeko, afaria egin zuten herritarrekin ba­tera. Mahai inguruko kantu saiorik ere ez zen falta izan, Fermin Zinkunegik lagunduta.
Inauteriek aldaketak izan dituzte urte guzti hauetan. Eta garai bateko janzkera eta doinu txiki bat berreskuratu zituzten orain dela urte batzuk. Zeregin horretan herrko aitona batek asko lagundu ziela gogoratzen dute, egun hila dagoena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!