Goizuetako Udalak Espainiako bandera paratu behar izan du. Bide judizialetik, plazo guztiak beteta paratu dutela azaldu dio Kronikari Pablo Miranda alkateak. «Bi prozedura izan ditugu. Alde batetik, Ikurrina kentzearena; eta bestetik Espainiako ikurra paratzearena. Aurreneko kasuan, epaitegietara joan beharrean, udaletxetik pixka bat aldendu eta plazan paratzea erabaki zen. Omenaldia ere egin genion festetan. Espainiako ikurra paratzeko agindua iritsi zenean, ordea, guk ikusten genuen ez zela gure ikur bat eta horren aurrean zer egin erabakitzeko, herri batzar bat egin genuen. Herritarren artean erabaki zen. Ez paratzeak ekarri zitzazkeen ondorioak aztertu ziren: alkatea inhabilitatzea eta ondorengoak jarrera berdina izanez gero, hura ere inhabilitatzea, santzio ekonomikoak... Horren aurrean, erabaki zen paratu egin behar zela, baina baldintza batekin, ahalik eta gehien luzatuz. Ez izatea borondatezkoa, inposaketa baizik. Hori horrela, prozesu judizial bati ekin genion. Hainbat alegazio eta apelazio tarteko, beste herri batzar bat, eta ahalik eta gehien atzeratu ostean, sententzia firmea iritsi da eta Udalak Espainiako bandera paratzeko obligazioa izan du». Asteartea zen azken eguna eta Plenoan onartu ostean, paratu egin zuten.
Balkoian paratu dute, baina bazter batean. Batzar Aretoan ere badago, modu berezian. Honen aurrean, Udalbiltzako armarria paratu dute udaletxeko fatxadan eta ikurrin bat irudikatuz, hau bai gurea irakurri daiteke. Legea bete dutela eta arazorik ez izatea espero dute, beste herri askotan gertatu den bezala.
Anixar, Beileku eta Basakaundi parajeetako basoa ateratzeko
Plenoak onartu zuen beste puntuetako bat izan zen, mendi ustiapen bat egiteko enkantea irekitzea. Anixar, Beileku eta Basakaundi parajeetako mendi ustiapena da. Nafarroako Gobernuak 450.000 eurotan baloratu du eremu horretatik Udalak lortu dezakeen dirua. Orain enpresek aukera dute aurkezteko beraien proposamena. Martxoaren 21ean irekiko dituzte sobreak, 09:00etan udaletxean.
Ordainketa honela egin beharko da: %50a, ustiapena egiten hasi aurretik; %25 ustiatzean, %25 ordaindu; eta beste %25 ustiatzean, gainerako guztia. Pleguak udaletxean daude eta mendia ikustera joateko aukera ere badago.
Euskal Herri feminista eraikitzeko konpromisoa
Udalak herri lurrak banatzen ditu eskaera egiten duten herriko ganaduzaleen artean, larreen aprobetxamendurako, eta behin behineko zerrenda onartu zuten astearteko Plenoan. Eskaera adina lur ez dagoenez (Nafarroako Gobernuaren arabera, 1.729,30 hektarea), kriterio batzuk markatzen ditu Udalak banaketa egiteko.
Bi mozio ere onartu ziren. Alde batetik, Udalak Euskal Herri feminista bat eraikitzeko konpromisoa adierazten duena. Eta bestetik, Arkaitz Bellon preso politikoaren heriotzaren ingurukoa; Estatu espainiarrak indarrean duen espetxe politikarekin amaitzearen aldeko deklarazio instituzionala.