Olatu morea bete-betean sartuko da gaur Hernaniko kaleetara. Gaur ospatzen da Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, eta egun osorako festa eta aldarrikapena egiteko programa prest dago. Hala ere, bihartik aurrera izango dira ekitaldi gehiago.
Horrez gain, Hernanin badira gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde urte osoan lan egiten duten hainbat talde.
Eguerditik aurrera, festa
Gaurkoa, martxoaren 8a da egun haundia. Eguerdiko 12:00etan marijira aterako da Plaza Berritik, eta triki-poteoak eta bazkariak emango diote segida. Hernaniko Bilgune Feministako kideek parte hartzeko deia luzatu diete hernaniar guztiei.
Bestalde, Amher-ek antolatuta, La fuente de las mujeres pelikula ikusi ahal izango da, 18:00etan Sandiusterrin. Afrikako edo Ekialde Hurbileko herritxo batean emakumeek maitasun-greba egitea erabakiko dute, gizonek uraren garraioan laguntzen ez duten bitartean.
Asteartean ‘Espazio hutsak’ antzezlana ikusteko aukera izango da liburutegian, 20:30etan.
Lilatoira elkarrekin joateko deia, bihar
Azken 25 urteetan egin den moduan, biharkoan emakumeentzako lasterketa herrikoia izango da Donostian: Lilatoia.
Korrikalari hernaniarrek ere hartuko dute parte bertan, eta elkarrekin joateko deia egin dute. Atsegindegin elkartuko dira 09:30etan autobusa hartzeko, eta 10:30etan Donostiako Bulebarreko ordulari azpian gelditu dira argazkia ateratzeko. Lasterketa 11:00etan hasiko da.
Buruntzaldeako LAB: «enplegu plana behar dugu»
Buruntzaldeako LABek prentsa oharrean azaldu du «krisiari aurre egiteko aitzakian aplikatutako errezetek prekarietate laborala eta soziala izan dutela emaitza, eta emakumeontzat oso kaltegarriak izan direla. 2013 bukaeran 100.000 emakume zeuden langabezian Hego Euskal Herrian; horietatik 2.500 Buruntzaldean, langabetu guztien %53. Gainera, enplegua duten emakumeen kasuan, lan baldintzak kaxkarrak eta diskriminatorioak dira. (...) Emerjentzia sozial egoeran gaude eta enpleguaren arazoa konpontzea lehentasun politikoa izan beharko luke. Kalitateko enpleguari eusteko eta enplegu duina sortzeko neurriak bilduko dituen enplegu plana behar dugu».
Asteartean, antzezlana
Egun honen harira ekitaldi gehiago ere izango dira. Udal Liburutegian Espazio hutsak antzezlana ikusteko aukera izango da asteartean, 20:30etan. Amaia Lasaren Geroaren aurpegia poema liburuan oinarritutako lana da, ahotsa, gorputz mugimendua eta musika nahastuko dituena. Sarrerak liburutegian eskuragarri daude (09:00-14:00 /16:00-20:00), baina eserleku kopurua dela-eta, pertsonako bi sarrera emango dira.
Berdinatsunaren aldeko taldeak, Hernanin
- Hernaniko Bilgune Feminista
Nazio mailako Bilgune Feminista Sareko partaide dira. Ikuspegi feminista kontuan hartuta gizartea eraldatzea dute helburu. Autodefentsa feminista tailerra antolatzen dute askotan, tresna garrantzitsutzat jotzen dutelako. Plaza Feministako lokalean biltzen dira astero, asteartetan, 19:00etan.
- Katxazarra
Arremanitz kooperatibak martxan jarri zuen, Hernaniko Udalarekin batean, Harremonak Hernaniko Tratu Onen Eskola, herriko ikastetxeetan bortizkeria prebenitzeko. Hortik sortutako taldea da Katxazarra. Institutuko batxilerreko 10 ikasle inguru biltzen dira hilero, berdintasunaren inguruko gaiak lantzeko.
- Berdintasun Kontseilua
Udaleko berdintasun teknikariak dira Kontseiluko kide. Hainbat ikastaro eta Jabetze Eskolak antolatzen dituzte, berdintasunaren alde lanean aritzeko. Herriko gainontzeko talde eta eragileekin ere biltzen dira lanak antolatzeko. Plaza Feministako lokalean biltzen dira hilean behin, hileko bigarren astelehenetan, 17:00etan.
- Ernaiko Talde Feminista
Euskal Herri aske bat lortzeko bidean, feminismoa ezinbestekoa dela ulertzen dute, eta 4 urteko prozesu feminista jarri dute martxan barrura begira, sexu genero zapalkuntza lantzeko. Ostiraletan biltzen dira, 17:30etan.
- Kafeta Feminista
Kalera begira antolatzen dituzte ekintza gehienak. Azken urtean Brigada Feminista bat antolatu dute, eta gehienetan manifestazioak eta kaleko ekintzak antolatzera bideratzen dute beren lana, fmeinismoa kaleratzea baitute helburu.
- Izan Gizon! Taldea
Gizon bazala gizarteak eman dizkien rolak (indartsu, ausart, konpetitibo, menperatzaile... izatea) aldatzea dute helburu. Plaza Feministako lokalean biltzen dira hilean behin, hileko bigarren asteazkenetan, 18:30etan.