aspaldikoa da Hernani eta Wukro herriaren arteko harremana; hala ere, ondo ezagutzen al da bata eta bestearen bizimodua? Hernani Wukrorekin GKEk eta Udalak harreman hori sendotzeko beharra ikusi dute, eta bide horretan, gazteen arteko ezagutza eta esperientzia trukea bultzatu nahi dute. Gazteei zuzendutako lehiaketa antolatu dute.
Helburua, bertakoen
bizimodua ezagutaraztea
Lehiaketan 16 eta 25 urte bitarteko hernaniarrek hartu dezakete parte, edo bertan lan egin edo ikasten dutenek. Taldeka aurkeztea ezinbesteko baldintza da; gutxienez 3 eta gehienez 5 pertsonako taldeak izan behar dute.
Ikus-entzunezko edo bideoaren helburua da Hernaniko herria ezagutaraztea; hau da, bertakoen bizimodua nolakoa den azaltzea. Bideoak 2 minutukoa izan behar du gutxienez eta 5 minutukoa gehienez. Hizkuntzari dagokionez, euskeraz izan behar du; eta bideoaren itzulpena ingelesez ere aurkeztu beharko da paperean.
Non, noiz eta nola
entregatu behar da?
Lanak entregatzeko epea zabalik egongo da maiatzaren 6a bitartean; Udaleko sarrera orokorrean entregatu behar dira. Bi gutunazal itxitan aurkeztu beher da lana. Batean, DVD formatuan egindako ikus-entzunezkoa edo bideoa aurkeztuko da, izenburuarekin. Bestean jarri beharko dira: bideoaren izenburua, egile guztien izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakiak; eta NAren fotokopia eta ikastetxearen izena (ikasleen kasuan).
Hiru sari banatuko dira
Hiru bideo onenek izango dute saria: epaimahaiaren sari nagusia 400 euro, bigarren saria 350 euro eta publikoaren saria 350 euro.
Epaimahaikideak izango dira: Hernani Wukrorekin GKEko ordezkari bat, udal teknikari bat, ikus entzunezkoetan aditua den bat eta Wukron izandako gazte hernaniar bat. Publikoaren saria aukeratzeko, bideo guztiak ikusgai jarriko dituzte Hernaniko Web orrian, eta bertan izango da puntuatzeko aukera. Sariak ekaina erdialdean banatuko dira eta irabazleen bideoak ikusteko aukera izango da.
Lehiaketara aurkezten diren materialak Hernani Wukrorekin GKE eta Udalaren esku geratuko dira eta erabiltzeko eskubide osoa izango dute gaiarekin zerikusia duten ekimenetan. Lehiaketara aurkeztean baldintzak onartzea dakar; eta oinarrietan aurreikusi gabeko egoeren aurrean epaimahaiak erabakiko du.