Taldean, batera aterako dira bihar 30 neska

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 8a, 01:00

Emakumearen Egunaren bueltan, urtero egin ohi den bezala, Lilatoia izango da bihar Do­nos­tian. Astigarragatik 55 neskak eman dute izena eta horietatik gehienak, herriko taldearen izenean joango dira: Astigarragako neskak. Denera, 30 neskak eman dute izena taldean joateko. Berez gehiago ziren, baina batzuk lesionatu egin dira.
Aurreneko aldiz hartuko dute parte talde izenarekin, baina aurreko urteetan ere, Astigarragako neskek hartu izan dute parte batera, Lila­toian. Iaz esaterako, 10 neska elkartu ziren. «Entrenamendu batzuk ere egin ziren Kiroldegiak antolatuta, baina asko beraien aldetik ibili ziren. Oraingoan fundamentuarekin antolatu dugu», azaldu diote Kronikari taldekideek. Beste batzuk, berriz, aurreneko aldiz animatu dira aurten, taldean joate horrek bultzata.
Argi dagoena behintzat, aurten arrakasta izan duela. «Azken urteetan modan jarri da korrika egitea eta uste dugu horregatik izan duela halako arrakasta», diote.


Helburua, taldea mantentzea
5 km egin beharko dituzte korrika, Donostian zehar. Lasterketan bertan erronkarik ez dutela diote: «Bukatzea eta ondo pasa­tzea». Baina orokorrean badute helburu bat: «Kirola bultzatzea emakumeen artean; kirola egitera animatzea. Eta gure helburu propioa da, talde hau manten­tzea. Lilatoiarena aitzakia bezala izan da martxan jartzeko». Urte guztian jarraitzeko asmoa dute eta hemendik aurrera etorriko diren lasterketetan parte hartzea ere badute batzuk buruan.

Entrenamenduak ere, taldean
Kiroldegiak entrenamendu saio­ak antolatu ditu talde honi begira eta astearte eta ostiraletan izaten dituzte entrenamenduak. Beste batzuk, be­rai­en kaxa ere aritzen dira entrenatzen. Nor­malean, gehienek, astean behin entrenatzen du­tela azaldu dute.

Autobusean batera joateko hitzordua
Bihar batera joango dira Donos­tiara. Horretarako hitzordua jarri dute 09:45etan, A2 autobusean joateko. Lasterketa 11:00e­tan hasiko da, Bulebarretik. Ondoren bazkaria ere egingo dute (izena eman behar zen).

Taldekako kiroletan dago aldea
Astigarragan, kirolari begira nesken presentzia nolakoa den galdetuta, honakoa azaldu du­te: «Kirola egiten emakume asko dabil Astigarragan, baina ez dirudi, gizonezkoei nagusitasuna ematen zaielako. Pre­sentzia badago, baina garran­tzia ez zaie ematen. Jarraipena egiten zaien betiko kiroletan, hau da, futbolean, saskibaloian edo esku pelotan, ia ez dago emakumerik. Baina adibidez, harri tiratzen emakume talde bat dabil».
Kiroldegiko klaseetan erdia edo erdia baino gehiago neskak direla ere azpimarratu dute. «Taldeko kiroletan dago aldea. Kasu horietan, palan, harri tira­tzen eta saskibaloian bakarrik dabiltza neskak. Eta gaztetxoetan dago hutsune haundiena. Kiro­le­an hasten direnetik 18 urtera bi­tarte, taldekako kiroletan ez dago ia neskarik. Banakako kiroletan, berriz, neska asko dabil».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!