«Euskal kultura, sistema matrilinealean oinarritzen zen eta gizarte eskuzabal eta orekatua zen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 8a, 01:00

Hitzaldia eman zuen asteazkenean Mari Carmen Basterretxea antropologoak. Garai bateko euskal gizartearen ereduaz aritu zen.

Mari Carmen Basterretxea antropologoak hitzaldia eman zuen asteazkenean kultur etxean. Mari eta Sorginen figurek ze lotura duten euskal emakumeekin azaldu zuen. «Mari euskaldunek sortu zuten eta lurraren irudikapena da. Lurra da emankorra eta babesa ematen duena. Mari da ama lurra. Eta emakumezko figura jarri zitzaion emakumeak eta lurrak antzeko ezaugarriak dituztelako: emankorrak gara, bizitza sortzaileak», azaldu zuen.
Mariren hiru aginduetaz ere hitz egin zuen Baste­rretxeak, oraindik ere, euskaldunen baloreetan mantentzen direnak: Harroputza ez izatea, gezurrik ez esatea eta lapurretarik ez egitea. Agindu horiek betez gero, eskuzabalak, zin­tzoak eta leialak izango ziren.
«Sorginak, berriz, sortzen dutenak dira eta Mariren esanetara daude. Azken finean, euskal emakumeak dira», gaineratu zuen.

Emakumeen bidez, ondorengotza
Basterretxeak, orduko eguneroko bizitzara eraman zituen Mari eta Sorginen figurak: «Alabak amari errespetua zion, eta hauek amonari. Bera zen Ma­ri­ren islada. Berak zuen esperientzia eta ezagutza. Gainera­koak sorginak ziren, Mariren agindura zeuden emakumeak. Hori zen euskal kulturaren oina­rria. Eredu matrilineala zen».
Etxeko egiturara eramanez, hala izango litzateke: «Etxea, etxekoena zen (ez da erabiltzen familia kontzeptua). Eta emakumeen bidez egiten zen ondorengotza. Ez zegoen ezkontza edo bikote harremanik. Semeak amaren etxean bizi ziren eta osabek betetzen zuten ilobekin aitaren figura. Jabego komunala zen. Etxeko lanak banatu egiten zituzten denen artean eta horregatik emakumeek askatasun gehiago zuten. Umeei bularra emateko ere, emakume bat baino gehiago izaten zen etxean (ahizpak, esaterako). Ugalke­tarako erabakia ere, emakumearena zen. Berak erabakitzen zuen noiz eduki ume bat. Boterea emakumeak zuen».

XIgarren mendera arte
Sistema matrilinealak XIgarren mendera arte iraun zuen. Ondoren, XI-XVI artean, sistema nahasia egon zen. Etxean emakumeak geratzen ziren, baina gizonek adin bat hartzean, amaren etxea utzi eta bilatutako emakumearen etxera joaten ziren bizitzera eta lanera. Aitaren figura ere betetzen zuten. XVIgarren mendetik aurrera, sistema patriarkala ezarri zen. Familia kontzeptua azaltzen da: aita, ama eta seme-alabak. Etxea aitarena da, jabegoa aitarena da eta oinordeko­tza seme zaharrenarentzat da.
Hori horrela, eredu bakoitzak gizarte baloreetan duen eragina azaldu zuen Basterretxeak: «Ere­du matrilinealarekin, eskuzabaltasuna, babesa, oreka, jabego ko­munala eta elkarlana dira oinarri. Eredu patriarkalarekin, be­rriz, norgehiagoka, indibidualismoa, dominazioa, etsaikeria eta jabego pribatua». Garai bateko ereduak egungo erronkei aurre egiten lagunduko lukeela azpimarratu zuen Basterretxeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!