Astebete Indian pasa du Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herritarren Partaidetzako zuzendaritzak gonbidatuta. Kerala estatuko partaidetza esperientziak ezagutzeko izan da bertan, Arantza Ruiz de Larrinaga foru zuzendariarekin, eta Beasaingo partehartze zinegotzi Zezilia Herradorrekin batera.
Komunitate jasangarria eta partaidetzaren bitartez berritutako auzo marjinala
Keralako estatua aitzindaria da partaidetza prozesuetan. Horren adibide dira Hernaniko alkateak eta foru eta udal ordezkariek ezagututako bi proiektuak.
Thivubananthapuram hiriburuko proiektuak ezagutu dituzte. Batetik, komunitate bat osatzea helburu duena: herritarrei bizilekua eta lantokia gerturatzeko 380 familientzat etxebizitzak eraikitzen ari dira eredu jasangarriak aplikatuz, eta baita liburutegia, eskola, osasun zentroa... ere.
Bestetik, bereziki emakumeen partehartzearekin, auzo marjinal bat eraberritzea helburu duena, etxebizitzak eta azpiegiturak berrituz, baldintza duinak bermatzeko.
Udal ordezkariekin bilkura
Keralako hiriburuko udaletxean ere izan dira pobreziari aurre egiteko proiektua ezagutzeko. Era berean, Keralako ordezkariek interes haundia azaldu dute Foru Aldundia sustatzen ari den partaidetza prozesuen inguruan.