«Zaila izango da irabaztea, baina zorte kontua da dena; karta onak tokatzea»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 8a, 01:00

Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatuko da gaur Heletan (Behe Nafarroa). 7 herrialdeetako 128 bikote sailkatu dira eta horien artean ariko dira Pepe Caloca eta Angel Pikabea ereñotzuarrak.

Aurreko urtean bezala, aurten ere ereñotzuarrak Euskal Herriko Mus Txapelketako finalean izango dira. Oraingo honetan, Pepe Caloca eta Angel Pikabea sailkatu dira eta gaur jokatuko dute finala Heletan (Behe Nafarroa). 7 herrialdeetako 128 bikote izango dira finalean. Goizeko 10:00etatik aurrera jokatuko dira partidak. Finalera iristeko, 7 partida irabazi beharko dituzte.
Halako txapelketa batean maila haundia espero dutela eta irabaztea zaila izango dela diote, baina zorteak zerikusi haundia duela ere bai: «Karten arabera izaten da. Ezin da jakin».

Ereñotzutik, Oriora
Ereñotzuko kanporaketa urtarrilaren 5ean jokatu zen. 8 bikotek hartu zuten parte eta, partehartzaile kopuruaren arabera izaten denez, bikote bakarra sailkatu zen Gipuz­koako kanporaketa jokatzeko. Bikote irabazlea: Angel Pikabea eta Pepe Caloca.
Ondoren, otsailaren 15ean, Gipuzkoako kanporaketa jokatu zuten, Orion. 15garren geratu ziren. Oso giro ona izaten dela azaldu dute eta oso ondo antolatua dagoela dena.

«Elkarri begiratuta, badakigu zer daukan besteak»
Pikabea eta Caloca ohiko bikote dira musean. 1982tik joka­tzen dute elkarrekin. Herna­niko Elkarte­arte­ko Txapelke­tako txapeldun ere izan ziren 2011n.
Ondo ezagutzen dute elkar eta horrek asko balio duela diote. «Elkarri begiratuta, badakigu zer daukan besteak. Askok ez dute uste, baina keinuei ez diegu kasorik egiten. Kolorea aldatzen zaio Peperi», dio parrez Pikabeak.
Muslari on batek izan behar dituen ezaugarriez ere galdetu die Kronikak: «Aurrena, kartak behar dira. Printzipala hori da, eta gero, psikologia asko. Ausar­dia ere behar da. Jokoa puskatzera atera behar da. Saiatu behintzat».

Gazte gutxi musean
Pikabearen ustez asko jaitsi da muserako afizioa. «Gazte gutxi ibiltzen da orain. Lehen ostiralero izaten ziren partidak hemen, Irrintzin. 30 bat pareja juntatzen ginen».
Orain, beraiek ere gutxiago ibiltzen dira, baina txapelketa jakin batzuetan ez dute hutsik egiten: San Antonio festetakoan, Aralarrekoan, Elorrabiko­an... «Eta hemen inguruan izaten di­ren txapelketa relanpago gehie­netara animatzen gara», diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!