Astigarragako Herri Eskolak zure logoa eramango du hemendik aurrera. Zer sentitzen da?
Ba… “bertigo” pixka bat. Pozik bai, baina halako sorpresa izan denez, oraindik ezin dut imajinatu egunero begi bistan izango dudala aurkeztu nuen lan hori.
Sorpresa haundia, orduan.
Bai! Oso haundia! Logoa egin nuenetik entregatzeko epea bukatu zen arte, egun asko pasa ziren eta beti beste zerbait desberdina egitea edota egindakoa hobetzea pentsatzen nuen, baina ez nuen horretarako denborarik hartzen. Azkeneko egunetan, oraindik lan gutxi aurkeztu zirenez, azkenean egindakoa ekartzera animatu nintzen eta begira…
Aurretik inoiz aurkeztu izan zara horrelako lehiaketetara? Nolatan animatu zinen?
Bai. Hemen, Astigarragan bertan, Astiko Astigarragako Merkatarien Elkartearen logoa aukeratzeko lehiaketan ere parte hartu nuen.
Eta kasu honetan, berez ez nuen intentziorik, baina etxean esan zidaten ea ez nuen ezer aurkeztu behar eta saltsera bat naizenez, azkenean zer edo zer egitea pentsatu nuen. Gainera, guraso bezala eskolatik proposatzen diren ekintzetan parte hartzea gustatzen zait, eskola bizirik egoteko denok parte hartu behar dugulako; eta honetan zergatik ez?
Ze irudikatu nahi izan duzu logo honekin? kolore morea dauka...
Egia esaten badizut, ez dakit zer izan den aurrenekoa, egitea ala zer irudikatu nahi nuen pentsatzea. Hasiera batean eta izena luze xamarra denez, hizkiekin jolastea pensatu nuen. Hortik aurrera, figura geometriko sinpleak egin ditut. Sinbologikoki, “Astigarraga” hitzaren hizkiak, eskolara doazen ikasleak izan daitezke, zabalik dagoen eskola batera, desberdinak direnei ere harrera egiten diena. Borobil erdia, herria izango litzateke, irekia eta anitza; edo zergatik ez, eskola berriaren jaiotza, egunsentia...
Eta kolore morea eta beltza ba, beti gustatu izan zaizkit eta gainera gaur, martxoak 8 da, ezta?