Olinpiadetako epidemiak gogor jo du Hernanin. Apirilaren 26tik ekainaren 21era izango dira aurten. 3garren edizioa girotze aldera, Olinpiadetako bi monigoteak herrian barrena ibili dira O gripea zabaltzen: «Ez da birus kaltegarria, baina kutsatu direnek aurre egiteko modu bakarra dute, gaurko asanbladara gerturatu».
Olinpiadak antolatzeko asanblada deitu dute gaur Gaztetxean; bilera arratsaldeko 19:30etan hasiko da. Asanbladan Olinpiadetako egutegi osoa banatuko dute, eta dei egin diete parte hartu nahi duten talde guztiei bertara azaltzeko: «lanean hasteko moduan izango gara, guk ere laguntza behar baitugu probak antolatzeko».
Olinpiadak, bi urtean behin
Hirugarren edizioa izango da aurtengoa; azken aldian bi urtetik behin egin izan dira: 2010ean, 2012an eta 2014an, aurtengoa. Ez da ordea azken urteetako kontua. Lehendik ere, egin izan dira Olinpiadak Hernanin: 1988an lehendabiziko aldiz; eta hamar urteren buruan, 1998an, bigarrengoz.
300dik gora, azken edizioan
Koadrilek elkar ezagutu, kirola egin eta ondo pasatzea izaten da Olinpiaden helburua. 300dik gora gazte elkartu ziren azken edizioan eta geroz eta gaztetxo gehiago animatzen direla diote antolatzaileek. Zenbat hernaniar kutsatuko ote dira edizio honetan?