Astigarragako Herri Eskola martxan izango da datorren ikasturtetik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 1a, 01:00

Bati baino gehiagori pena eman arren, egokiena banatzea zela ikusi zuen Aran­tzazuko Ama Ikastolako irakasleen klaustroak, iaz. «Bi errealitate soziekonomiko desberdin genituen eta hori guztia zuzentzeko, talde bakarra. Baita Guraso Elkar­te bakarra ere. Zailtasun pila ge­nuen funtzionamenduari begira eta egokiena banatzea zela ikusi zen», dio Iker Jauregi Astiga­rragako ikastetxeko ikasketa buruak. Hori horrela, iazko maiatzean, irakasleen klaustroak proposamena aurkeztu zuen Organo Gorenean. Or­ga­no Gore­nak babesa eman zion eta Hez­kuntza Sailera jo zuten orduan. Azken honek ere onartu egin du eskaera eta 2014-2015 ikasturtean, bitan banatuko da Ikastola.

Hemendik aurrera, bakoitzak bere zuzendaritza, guraso elkartea, langileak...
Datorren ikasturtetik aurrera, Martuteneko eraikinak Aran­tzazuko Ama izaten jarraituko du eta Astigarra­gakoak Herri Eskola gisa egingo du bere bidea. Izena gurasoek proposatu zuten eta halaxe onartu du Hezkuntza Sailak. Gainera­ko ikastetxe publikoek bezala funtzionatuko du, hau da, Hez­kuntzaren eskumenekoa izaten jarraituko du.

Hemendik aurrera, ikastetxe bakoitzak bere zuzendaritza taldea, langileak eta guraso elkartea izango ditu eta horiek osatzeko lanean dabiltza burubelarri. Zuzen­daritza berria zeintzuk osatuko duten datozen hilabeteetan zehaztuko dute.

Bestalde, orain arte elkarrekin ospatu izan dituzte hainbat jai eta festa eta horiek ere nola geratuko diren erabakitzeko dute.

Aldaketa, barruko funtzionamenduan
Zertan nabarituko da banaketa hau? Aldaketa haundiena barrukoa izango dela dio Jauregik, gainontzean berdin funtzionatuko dela. Astigarragan matrikula­tzen zirenek Astigarragan ikasten zuten eta orain ere horrela izango da. «Esan bezala, gure funtzionamenduan, gure eguneroko lanean genituen zailtasunak: zuzendaritza elkartzeko, zenbait kasutan langile bakarra bi eraikinetarako... Gurasoen aldetik ere errazagoa izango da orain. Beraz, funtzionamendu aldetik, eraginkorragoa izango da orain», azaldu du Jauregik.

Horri lotuta, lanpostu berriak ere sortuko direla azpimarratu du: «Irakasle batzuk edo aholkularia, esaterako, bakarra da bi eraikinetarako eta hemendik aurrera, bakoi­tzak berea izango du. Lanpostu berriak sortuko dira eta hori positiboa da gure­tzat».

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, Astigarragan
Orain arte bezala, Astigarra­gako Herri Eskolan Haur Hezkuntza eta Lehen Hez­kuntza egiteko aukera izango da, hau da, 2-12 urteko ikasketak. Martutenen, maila horiez gain, DBH ere emango dute eta dudarik gabe, lotura horrek jarraituko duela uste du Jauregik. «Nik uste modu naturalean, orain bezala, Astiga­rraga­koek Martute­ne­ra eramango dituztela beraien umeak DBH egitera, eskola mapak ere horrela zehaztua baitu ibilbidea. Ados­tu berri dugu gainera, Derri­go­rrezko Hez­kuntza emango duten 3 ikastetxeen arteko lankidetza».

Guraso batzuen nahia bada DBH egiteko aukera Astigarragan bertan izatea eta horretarako herrian eraikin bat egitea. Dena dela, oraingoz ideia bat besterik ez da.

«Funtzionamendu aldetik eraginkorragoa izango da orain»

Matrikulazioarekin pozik
Banaketa honek ekarri zezakeen ondorioetako bat bazen kezka iturri zuzendaritzarentzat. «Mar­tu­tene ahulduta geldituko ote zen beldur ziren batzuk, baina osatu dute 2 urtekoen gela eta pozik gaude», dio Jauregik. Matrikulazioa otsailaren 14an bukatu zen.   

Astigarragan, oso ondo joan da matrikulazioa. 83 haur daude 2012an jaiotakoak eta 67k eman dute izena datorren urtean Astigarra­gako Herri Eskolan hasteko.  «De­nentzako izan du­gu le­kua eta ez dugu barematu behar izan. Oso pozik gaude», nabarmendu du Jauregik. Denera, 540 ume ariko dira Astigarragan ikasten. Irakas­leak, berriz, 40 izango dira.

700 ikasle eta 67 irakasle egun, bi eraikinetan
Ikasturte honetan, 700 ikasle  inguru daude bi eraikinetan, HH eta LHn: 515 bat Astigarragan eta 185 bat Martutenen.  Denera, 67 irakasle ari dira lanean. Zuzen­daritzako kideak, berriz, honakoak dira: Itsaso Alkorta zuzendaria, Iker Jauregi Astigarragako ikasketa burua, Nagore Zubillaga Martuteneko ikasketa burua, Maite Olaziregi idazkaria; eta Jose Luis Lizarralde eta Roxali Fernandez, administrazioko langileak.

Logotipoaren bila
Herri Eskolak logotipo be­rria ere izango du eta horren bila dabil­tza orain. Lehia­ke­ta bat antolatu dute horretarako eta atzo bukatu zen lanak aurkezteko epea. Datozen egunetan jakinaraziko dute irudi berria zein den.

Hiru hamarkada elkarrekin
Arantzazuko Ama Ikastolak 1968an du sorburua: Martu­tene, Loiola, Astiga­rraga eta Ergobian ikastola txiki bana sortu zituzten. Auzotar eta herritarren ahaleginetik sortu ziren.
1972an, 3 auzoetako eskola txikiek bat egin zuten. Lehen­dabiziko urteetan eskolaurreko eta OHOko 5garren maila bitarteko eskolak eman zituzten. Donos­tiako beste lau ikastolekin batera, Jose Migel Ba­ran­diaran Lizeoa sortu zu­ten, Oinarrizko Hez­kun­tza Oro­korreko ikas­ke­tak bukatzeko.

1973an Victor Amun­da­rain martutenearrak Villa Pilar jauregia Ikastolari eman zion muxutruk, OHO bertan eskaintzeko. Gerta­ka­ri hori garrantzitsua izan zen Ikastolaren etorkizuna ziurtatzeko; 80ko hamarkadan nabarmen hazi zen ikasle kopurua eta OHOko goi zikloa emateari ekin zion (6, 7 eta 8garren mailak). Ondo­rioz, Jose Migel Barandiaran Lizeoa BBB eta UBIko ikasketak emateko egokitu zuten.

1973tik 1993ra, hogei urtez, Villa Pilar jauregia izan zen Ikastolaren egoitza nagusia, baina ikasle kopurua haundia zenez, beste hainbat egoitza ere erabili behar izan ziren: Agusti­noen Etxea, Txomin San Sebastian Astigarragako eskola, Martuteneko Pedro Jose Irastorzaren egoitza…

1993an Ikastolak Hez­kun­tza Sailaren sare publikoan sartzea erabaki zuen. Hori horrela, 1994tik aurrera, Arantzazuko Ama Ikastola sare publikoko ikastetxea da.

Gaur egun Ikastolak bi egoi­tza ditu: bata Astiga­rragan eta bestea Martute­nen. Astigarragan HH eta LH (2-12 urte) ematen dira; Martutenen, HH, LH eta DBH (12-16 urte).

Festa, ekainean
Arantzazuko Ama Ikastolak 45 bete ditu ikasturte honetan eta festa izango da ekainaren 7an, Martuteneko jolas­lekuan. Ur­teurreneko ospakizunaren prestaketan burubelarri murgilduta daude, bide berriari ere ongietorria emanez.

 

ARANTZAZUKO AMA IKASTOLAKO GURASO ELKARTEA:

“Bizigai dugun Ikastolatik bi eraiki behar ditugu, ilusioz eta itxaropenez”

Arantzazuko Ama Ikasto­lako Guraso Elkarteak ba­na­ketaren inguruan, honakoa azaldu du: «Ikastetxe ba­ten egoitzak bi udalerritan banatuta egoteak (Asti­garraga eta Donostia) beti eragin dizkio gure ikastolari ezohiko zailtasun eta oztopoak, baina ikasleen kopurua haztearekin areagotu egin dira zailtasun horiek, eguneroko gestioa ikaragarri zailtzeraino. Azken 10 urteotan nabarmen hazi da ikastolako ikasleen kopurua».

«Ezinbestekoa izango da gurasoon inplikazioa eta ahalegina, gauzak ondo bideratzeko»

Beldur pixka bat izan arren, aurrera egiteko garaia dela gaineratu dute: «Urteak zeramazkien irakasleen klaustroak egoeraren berri eman eta banatzeko aukera aztertzeko eskatzen, baina egiari zor, gurasoongan erabaki horrek beldurra eragiten zuen, bereziki Martu­teneko guraso eta auzotarrengan. Mar­tute­ne­ko auzotarrentzat ga­rran­tzitsua da oso eskola, ar­nas­gune eta bizigai delako, eta hori gabe edozein auzo lotarako eremu bihurtu daitekeelako. Go­­rabehera eta hausnarketa ho­rien inguruan ibili gara az­ken urte honetan eta, beldurra erabat uxatu ez bada ere, aurrera egiteko momentua iritsi da».

Gurasoen inplikazioa
Hurrengo ikasturtean, be­raz, ikastetxe bakoitzak bere Guraso Elkartea izango du. «Eta hori horrela, galtza bete lan izango dugu dena presta­tzen eta egokitzen eta, jakina, ezinbestekoa izango da gurasoon inplikazioa eta ahalegina, gauzak ondo bideratzeko», azpimarratu dute. «Bizigai dugun ikastolatik bi eraiki behar ditugu, ilusioz eta itxaropenez».

«Hemendik aurrera ere, ez gara oso aparte ibiliko»
Guraso Elkarteko kideek gogorarazi dute Arantza­zuko Ama Ikastolak bide eman duela Loiola, Martu­tene eta Astigarragako herritarrak elkar ezagutzeko, eta harreman-sare sendo eta iraunkorrak eraikitzeko: «As­ko dira batekoak eta bestekoak dituzten koadrilak, asko bateko eta besteko jaietan ibilitakoak… Zalantzarik gabe, Ikastolak ekarpen ga­rrantzitsua egin die Loiola, Martutene eta Astigarra­garen arteko harremanei».

Eta hemendik aurrera ere, harreman horri eutsiko diotela azaldu dute: «Orain bezala, datozen urteotan ere, Lehen Hezkuntza bukatu ondoren, bi ikastetxeetako ikasleek bat egingo dute berriz DBHn, Martutenen. Astigarragan DBHko ikastetxe bat sortzeko asmoa hor dago, baina ez dirudi epe motzean egingo denik. Beraz, HH eta LH banatu bai, baina ez gara elkarrengandik oso aparte ibiliko».

 

Lan eskaintza, Martuteneko Guraso Elkarteko koordinatzaile gisa

Arantzazuko Ama Ikastolako Guraso Elkarteak koordina­tzailea kontratatu behar du. Lan kontratua izango litzateke, 2014ko apiriletik ekainera, astean 20 orduz; eta 2014ko irailetik aurrera urte beteko kontratua, astean 10 orduz. Dedikazioa, astelehenetik ostiralera izango da eta ordutegi zehatza premien arabera finkatuko da.

Curriculumak bidaltzeko azken eguna, martxoak 10 da. Informazio guztia, arantzazukoama.org.

Curriculumak aztertu ondoren, hautagai egokienei elkarrizketa egingo diete.
Curriculumak posta elektronikoz bidali behar dira: aai.gurasoelkartea@gmail.com.Curriculumak bidaltzeko az­ken eguna, martxoaren 10a da.

Lan eskaintza honi buruzko informazio guztia eta oinarri zehatzak eskura daude Arantzazuko Ama Ikastolako web orrian, ‘Berriak’ atalean:
www.arantzazukoama.org.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!