Plenoa izan zen ostegunean eta hirigintzari lotutako hainbat erabaki hartu ziren. Horien artean, Bidebitarte eremuan aldaketa bat egitea, hiri antolaketako plan orokorrari dagokionean. Aldaketa horrekin, poligonoko jabe eta enpresen egoera egonkortu eta normalizatu egin dela azaldu zuen Andoni Gartzia alkateak. "Orain arte egoera prekarioan egon dira eta oso aldaketa garrantzitsua da".
Mendiaundi Anibar eremuan ere, hiri antolamenduan aldaketa bat egitea onartu zen. Aldaketa honekin, lur zati bat erreserbatu du Udalak DBH edo Institutuko eraikina bertan egin ahal izateko. Roxario jatetxearen eta hilerriaren artean dago. Horri lotuta dator Bidebitarteko aldaketa ere. Izan ere, plan orokorrean biltzen zen, Institutua egitea orain Txingurri dagoen pabiloian. Alkateak azaldu zuen, Udalak 5 milioi ordaindu beharko lituzkeela, kalte ordainak kontuan izan gabe, eta bideraezina dela ikusita, Mendiaundira zuzendu dutela proiektua. Bi eremu hauen aldaketak puntu berean bozkatu ziren eta aho batez onartu ziren.
Alkatearen bozka kritikoa, Urumea Berriren inguruan
Ibai Ondo etxeari lotuta, hiri antolaketan aldaketa bat egitea ere onartu zen. Aldaketa horrekin, Ibai Ondo etxea kontsolidatu egin da, Urumea Berri proiektuarekin botatzeko arriskuan baitzegoen. Aldaketa honi hasierako onarpena eman zaio, orain alegazioak aurkezteko epea zabaldu da. Aldaketa hau onartu zen Bilduko aldeko 6 bozkarekin eta EAJ-PNVko aldeko boto batekin; alkateak kontra bozkatu zuen (gainerako zinegotziak ez ziren Plenoan izan).
Alkateak bozka kritikoaren arrazoiak eman zituen: «Gobernu talde hau, Ibai Ondo ez botatzearen alde dago eta arduraz jokatuz, Urumea Berriko proiektua onartzen du. Ez dago beste alternatibarik kalte ordain haundietan sartu nahi ez bada. Baina aurreko proiektua berresten dugu. Bertan futbol zelai baterako, frontoi baterako, instituturako... eta txiki geratu zaizkigun beste hainbat zerbitzutarako lekua aurreikusten zen. Proiektu honekin 800 etxebizitza egingo dira. Etxeak egiteari eman zaio garrantzia, herritarren bizi kalitatea kontuan hartu gabe».
Udalak, euskeraz funtzionatuko du
Udalaren hizkuntza irizpideak ere onartu ziren. Gobernu taldearen helburua da, euskeraren normalizazioan eragitea eta herritarren hizkuntza eskubideak ziurtatzea. Emun hizkuntza kooperatibak egin du azterketa eta erabilera plana zehaztu du, 2013-2017rako. Udalaren barruko eta kanpoko funtzionamenduan euskera izango da oinarri. Lanerako hizkuntza euskera izango da (dokumentuetan, zuzeneko tratuan..) eta derrigorrezkoa den kasuetan gaztelera erabiliko da. Bilduk alde bozkatu zu-en eta EAJ-PNV abstenitu egin zen.
Kontratu publikoetan, `klausula sozialak´
Gobernu taldeak aurkeztutako mozio bat ere onartu zen: Kontratu publikoetan klausula sozialak aplikatzea. Bilduren aldeko bozkarekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin onartu zen. Hemendik aurrera, Udalak egiten dituen kontratazioetan, kriterio ekonomikoak bakarrik erabili beharrean, langileen eskubideak, berdintasuna, ezgaitasunen bat duten pertsonak, ingurumena, hizkuntza irizpideak... hartuko dira kontuan.