Buenos Aires probintzian (Argentina) dago Necochea, eta bertako Euskal Etxeak lotura haundia du Euskal Herriarekin.
2004an jarri zuten martxan Hator Hona proiektua, eta ordutik, 60 gazte euskaldun inguruk hartu dute parte bertan. Helburua argia da: Euskal Herritik Argentinara joaten diren gazteek euskal kulturaren transmisioan laguntzea.
Baldintza bakarra, euskal kultura transmititzea
Hator Hona proiektuarekin bultzatzen dena da Euskal Herritarrek denboraldi bat Necocheako Euskal Etxean pasatzea, bertan euskal kulturarekin lotura duen zer edo zer bertakoei erakusteko.
Euskera, euskal musika, euskal dantzak, euskal gastronomia edota euskal kirolak ezagutzen badituzu, eta horien berri ematea gustatuko balitzaizu, hauexe duzu aukera. Ez da titulurik behar. Erakusteko eta esperientzia berri bat bizitzeko gogoa besterik ez dira behar.
Oraindik konfirmatzeko zain badaude ere, Argentinako egonaldia uztailaren 18tik abuztuaren 10era bitartekoa izango da.
Nork bere bidaia ordaindu behar du, baina hango egonaldia doan izango da.
Izen-ematea zabalik
Proiektuan parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera zabalik dute dagoeneko, apirilaren 20ra arte. Horretarako, Necocheako blogean dagoen izen-emate orria bete behar da: http://hatorhona.blogspot.com.es/. Arazorik sortuz gero, harremanetan jarri helbide honetara idatzita: inakibilbao@yahoo.es. Eta informazio gehiago nahi duenak Necocheako Euskal Etxeko webgunea ikusi dezake: euzkoetxea.com.ar.
Parte hartu nahi dutenek bete behar dituzten baldintzak gutxi dira: 18 eta 30 urte bitarteko euskaldunak izatea, euskal kulturaren inguruko zerbait erakusteko gogoa izatea, eta Necochearako bidaia bere poltsikotik ordaintzea.
Gainontzean, han egin beharreko denboraldian Euskal Etxeko jendeak hartuko ditu boluntarioak etxean.