Zelailuzen ‘laminazio tankea’ egingo dute, Galarretatik datozen urei eusteko

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 8a, 01:00

Galarreta eta inguruak urbanizatu direlako askoz ur gehiago joaten da orain Antziola errekara, eta horregatik, ur horiei eusteko ‘tankea’ egingo dute. Horrez gain, erreka ‘artifizial’ bat ere egingo da, tankea eta Antziola erreka lotzeko.

Cuesta de la Muerte goikaldean ur-tanke bat egingo dute Galarretatik datozen urei eusteko. Enbalse txiki baten itxura izango du, 55 metro luze eta 20 metro zabal eta irekia izango da, zuhaitz eta bejetazioz betea, eta inguru guztian bidea izango du mantenimendurako. Galarreta inguruan parke teknologikoa eta bestelako urbanizazio obrak egiten ari dira, eta laster, ur gehiago iritsiko da Zelailuzera, orain arte iristen zena baino. Horrek arazoa sortu lezake Antziola errekan, eta hori da arrazoia obra egiteko. Asmoa da, tanke horrek urei eustea, euri gehien egiten duen egunetan, eta Antziola errekara behar baino ur gehiago ez iristea.
Laminazio tanke hori izango da ikusgarriena, baina hortik behera ere obra gehiago egingo dira. Adibidez, tanke horretatik behera erreka ‘artifizial’ moduko bat egingo dute urak kanalean eramateko, eta Antziola erreka sortzen den punturaino kanalean eramango dute ura. Bost hilabete barru bukatua behar du obrak, eta 1.590.000 euroko aurrekontua dauka.

Urei eusteko sistema
Josu Arrizabalaga arduradunak eman dizkio azalpen guztiak Hernaniko Kronikari. Arazoa nahiko ohizkoa da, urbanizazio obra haundi bat egiten den kasuetan, eta askotan egiten dira laminazio-tankeak, urei momentu kritikoetan eusteko. Galarretan urbanizazio berria egin denez, urak ez ditu lurrak hartuko, eta urbanizatutako lur horien azaletik bideratuko dira denak leku berdinera, Cuesta de la Muerteko goiko muturrera. Zelailuze deitzen zaio terreno horri, eta orain artean hor ez zen errekarik, nahiz eta nahiko leku urtsua izan. Antziola erreka edo Latsunbe erreka beherago jaiotzen da, Arrieta baserri aldera dijoan bidearen azpikaldean, hain zuzen. Galarretatik datozen urek arazoa sortu dezakete Antziola errekan, berez erreka horrek eraman dezakeena baino ur gehiago iritsi litekeelako momenturen batean. Horren erremedioa da, euri egun haundienetan urei goien eustea, enbalse itxurako tanke horretan. Tanke horretatik gehienez ere 1.000 litro aterako dira segunduko. Hori baino euri gehiago egingo balu, tanke hori betetzen joango da poliki-poliki, baina inoiz ez li­tzateke 1.000 litro baino gehiago aterako.     

Enbalse txiki baten itxura izango du, irekia izango da, 55 metro luze eta 20 metro zabal.

Tankearen ezaugarri nagusia da, 55 metro luze izango dituela eta 20 metro zabal, eta 2.310 m3 ur biltzeko kapazitatea izango du. Hiru maila edo piszina izango ditu tankeak, bata bestea baino beherago, eta beti ur pixka bat izango du barruan. Ormigoiez egindako tankea izango da. Inguru guztian asfaltatu gabeko bidea izango du, 3 metro zabalekoa, eta mantenimendurako erabiliko dena.
Azterketa klimatologikoak eta hidrologikoak eginak dau­de, eta horren arabera erabaki da zenbateko kapazitatea be­har duen tanke horrek, gainezka egitera iritsi ez dadin.
 
Tankeraino 76 metro, tanketik Antziola errekara 102 metro
Esan bezala, tanke hori Zelai­luzeko goiko muturrean egingo dute. Galarretatik tanke horretaraino 76 metroan eramango da ura, kanal baten bi­dez. Tanketik behera berriz, Zelailuzeko terrenoan beste kanal bat irekiko da, Antziola erreka sortzen den punturaino iritsiko dena, eta horrek 102 metro izango ditu. Horrez gain, Zelailuzen drenaje sistema bat egingo da, belaze horrek dituen urak bildu eta Antziola erreraka eramateko. Zelailuzeko beheko partean, Arrieta baserrira dijoan bidea dago, eta bide horren azpitik eramango dira urak Antziola errekaren jaiotzaraino. Hain juxtu, bide horren azpikaldean sortzen da Antziola erreka, eta hara bideratuko dira tanketik datozen urak eta drenaje bidez biltzen direnak.

Ormigoizko obra, landarez jantzia
Bai tankea eta bai kanalak ormigoizkoak egingo dira eta agerian geratuko dira. Dena dela, inguruarekin hobeto uz­tartu dadin, landarez jantziko dituzte bai tanketa eta bai kanala. Tankearen barruan nenufare zuriak jarriko dituzte (Nymphaea alba), eta baita lezka ostozabalak (Typha latifolia) ere. Tankearen buelta guztian jarriko dira altzak (Alnus glutinosa), sahats ilunak (Salix atrocinerea) eta trepadorak, edo aihen-landareak. Tanketik Antziola errekaren jaiotzara dijoan kanalean ere landareak jarriko dira. Berez, asmoa da zonalde natural xamarraren itxura izatea obra honek hemendik denbora batera.
Antziola errekaren jaiotza ere pixka bat moldatu egin behar izan dute, kanalaren bidez iritsiko baitira orain urak, eta beraz, jaiotzako puntu horretan enbor eta landarez jantzi dute erreka lehendabiziko metroetan. Hor ere sahatsa eta altza sartu dute.

Galarretako proiektuaren barruan
Obraren kostua 1.590.000 eurokoa da, eta Galarretako proiektuaren barruan aurreikusia dago. Ikaur enpresak egin du proiektua eta obrak ere berak zuzenduko ditu. Zati batzuk eginak daude, Arrieta baserriko bidearen azpikaldetik dijoan kanala, esaterako. Gainerakoa beste bost hilabetean bukatua izango dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!