Urtebete josi eta josi, emakumeen arteko sarea osatuz

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 5a, 01:00

Harituz elkarteak urtea bete du gaur. Iazko martxoaren 5ean jarri zuen martxan herriko emakume talde batek, 50-60 urte inguruko emakumeentzat ezer ez zegoela ikusita. Harituz elkartea, gizon-emakumeen berdintasun eskola da.

Urtea bete du gaur Harituz elkarteak. 50 urtetik gorako emakumeek osatzen dute eta 15 bat kide daude elkar­tean. Halako elkarte bat sor­tzeko beharra ikusi zutela azaldu diote Kronikari: «Gu­re adin tarteko emakumeen­tzat ez zegoen ezer herrian. Bizi guztian lanean aritu garelako, edo alargun geratu garelako, edo lanik gabe gaudelako, aktibitaterik ga­be geunden asko. Astigarra­gan bizi, baina kuadrilarik ez genuen batzuk. Eta behar horri erantzuteko sortu zen Harituz. Guraso direnek ikastolaren bidez badute harremana beste emaku­mee­kin, eta jubilatuek ere bai Galtzaur elkartearen bidez, baina tartean gera­tzen diren emakumeentzat ez zegoen ezer».

Pixkanaka, sarea osatuz
Premia hori asez, pixkanaka joan zen sortzen elkartea. Hasiera batean, Esperien­tzia­ren Eskolan hasi ziren elkartzen emakume horieta­ko batzuk, egun elkarteko kide direnak. Eskola hori gizonezkoentzat ere bada; eskola horren helburua baita, ikasiz zahartzea. Uda­lak antolatzen du asteartero. Bertan, gai desberdinak lan­tzen dituzte: historia, lite­ratura, zuzenbidea, inteli­gen­tzia emozionala...
Eskola horretan, ordea, emakume hauek ikusi zuten zerbait gehiago egin behar zela eta josteko, puntua edo gantxiloa egiteko hasi ziren elkartzen.  «Ikatzako goiko gelan elkartzen hasi ginen, hilabetean behin. Gero, hamabost egunean behin, eta azkenean, astero. Handik ikusi genuen, oraindik ere gehiago egin zitekeela eta kultur etxean talde finko bat izatea egokia izango zela pentsatu genuen». Eta ho­rre­la, pixkanaka joan dira elkar­tea osatuz eta gero eta ekin­tza gehiago antolatuz.
Izena ere, hortik datorkie: «Jostunak gara, ehuleak. Ho­rre­gatik da gure irudia armi­ar­ma bat, bere sarea eginez. Eta Harituz, hortik dator».

Familia bat bezala
Taldekideek azpimarratu dute denak oso ondo erama­ten direla, «familia bat beza­la gara». Eta elkartearen la­na, bizitzan oso baliaga­rria zaiela ere gaineratu dute: «Emakumearen enpodera­mendua landu dugu, askeago sentitzen zara, autoestima gehiago duzu, zure burure­kin seguruago zaude... Asko ikasten duzu; oso gustora etortzen gara».
Iratxe Perez da elkarteko presidentea, Marisa Arrua­ba­rrena diruzaina eta Mer­che Yus idazkaria. Bazkide egiteko, 20 euroko kuota ordaindu behar da. Urte guz­tikoa da eta familia guztia­rentzako da.


Hilabetero, ekintzak
Hainbat ekintza antolatzen ditu Harituzek hilabetero. De­nak kultur etxean izaten dira: Qi Gong tailerra ema­ku­mea­rentzat, astelehen eta asteaz­kenetan (10:00-11:30); Bizitza­ren filosofia, hilabe­teko bi ostiraletan (10:00-11:30); Zine­fo­ruma, hilabete­ko azken asteartetan (18:00); mendi irteerak, hilabetean behin... Horrez gain, hitzal­diak edota liburu aurkez­penak ere anto­latu izan dituzte. Espe­rien­tziaren Es­ko­la, berriz, Udalak antola­tzen du asteartetan (16:00-18:00).
Antolatzen dituzten ekin­tza gehienak irekiak dira, hau da, gizonezkoen­tzat ere ba­di­ra, baina batez ere, ema­ku-meengan pentsa­tu­ta daude.
Informazio gehiago: harituz.blogspot.com edo Facebooken.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!