Eskolarteko Bertsolari Txapelketa martxan izango da gaurtik. Ikastolen elkarteak eta Betsozale Elkarteak elkarlanean antolatu dute 34garren edizio hau, eta filosofia eta formatu berria izango ditu.
Txapelketako 34tik 2, Bertso Eskolakoak
Bat-bateko txapelketa izango da formatuetako bat, 15-18 urte bitarteko gazteen artean jokatuko dena. Kanporaketan Euskal Herriko 34 neska-mutilek hartuko dute parte; eta tartean, Hernaniko Bertso Eskolako bi ariko dira: Aitor Balerdi eta Andoni Mujika. Gaur jokatuko da aurreneko kanporaketa eta bertan izango dira Bertso Eskolako bi kideak; Zarauzko Azken Portu auzoko Urpekoak elkartean izango da, 19:00etan. Kanporaketa berean izango dira Amaia Urbieta (Zarautz), Unai Sarasua (Zumaia), Danel Olano (Getaria) eta Jon Otaegi (Oiartzun).
Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna (finala) Arrasateko Amaia Antzokian jokatuko da, maiatzaren 11n, 11:00etan. Euskal Herriko finala eta festa eguna ekainaren 21ean antolatu dute, Orion.
15 urtez azpikoetan, 5 hernaniar
Nobedadea da, 15 urtez azpiko neska-mutilen artean ez dela txapelketarik jokatuko. Bertso meriendak egingo dituzte Euskal Herriko herri ezberdinetan, saio didaktikoak izango dira. Inguruko bertso eskoletako 10 taldek hartuko dute parte, eta gertu-gertuko giroan bertsotan aritzeko aukera emango zaie. Hernaniko bertsolariek gaur izango dute saioa, Zarauzko Modelo aretoan, 16:30etatik 17:30etara. Bi bertsolari ezagunen laguntza ere izango dute: Mantxi eta Andoni Egaña izango dira bertan. Parte hartuko duten Bertso Eskolako kideak: Iker Ormazabal, Jonan Etxebarria, Urtzi Nazabal, Aimar Garaiar eta Etxahun Arrue. Zarauzko bi talde ere izango dira gaurko saioan.