Larunbatean jokatu zen, 38garren urtez, jubenil mailako Labaien Memoriala. Hernani, Lengokoak eta Real Sociedad izan ziren parte hartu zuten taldeak.
Hasiera ez zen erraza izan hernaniarrentzat, eta azken partiduaren bukaerara arte ez zen irabazle garbirik izan. Baina azkenean, Hernanik lortu zuen kopa altxatzea.
Berdinketa lehenengo, eta garaipena gero
Lehenengo partidua Lengokoaken aurka jokatu zuen Hernanik. Markagailua ez zen zerotik mugitu.
Bigarren partidua, berriz, Realaren eta Lengokoak-en artekoa izan zen. Txanda honetan izan ziren golak; 3, hain juxtu, Realaren alde. Beraz, Realak jokatu zuen gero Hernaniren aurka.
Arratsaldeko hirugarren partidu hau ere Realak irabaziko zuela zirudien. Markagailuan aurretik jarri ziren 0 eta 1ekoarekin. Baina partidua bukatzeko minutu gutxiren faltan hernaniarrak esnatu egin ziren, eta garaipena etxekoei eman zien bi golak sartu zituzten. Xabi eta Lizeaga izan ziren golak sartu zituzten bi jokalariak.
Gauzak horrela, Hernanik irabazi du aurtengo Labaien Memorialeko kopa, Reala izan da bigarren, eta Lengokoak hirugarren.
Isasa, jokalari onena
Hiru talderen arteko lehia izaten da Labaien Memorialean. Baina, horrez gain, Labaien familaik ‘Jokalari Onenari’ trofeoa banatzen du urtero.
Aurtengo edizioan Julen Isasa izan da trofeoa jaso duen jokalaria.
Xabi eta Lizeaga izan ziren Hernaniri garaipena ekarri zieten bi golak sartu zituzten jokalariak.
Eskerrak parte hartzaileei, afizioari eta Labaien sendiari
CD Hernanik eskerrak eman nahi izan dizkie Labaien Memoriala aurrera ateratzen duten guztiei.
Batetik, Realari eta Lengokoaki, Memorialean parte hartzeagatik.
Bestetik, Zubipera urtero jaisten diren futbolzale guztiei; bai hernaniarrei eta baita kanpotarrei ere.
Azkenik, Labaien familiari berari, «beste urte batez txapelketa oso ondo joan delako».