Hernanira etorri liteke aurten Euskal Herriko txapela

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 1a, 03:30

hernanira etorri liteke aurten Euskal Herriko txapela, lehendabiziko mai­­lan. Ojuelek eta Aizpi­tartek finalerdia jokatuko dute gaur, Amezketaren kontra. Berez irabazteko aukerak badituzte herna­niarrek, baina giroa kon­tra izango dute, Amez­ketan bertan neurtu behar baitituzte indarrak. Parti­dua gaur, 16:30etan, Amez­ketako frontoian.

Kolpe haudiko bi pelotari
Aukera badute finalera pasatzeko, baina ez hargatik, lantegi erraza. Asko jokatzen dute Amezketako taldeko bi pelotariek. Irri­barria eta Sanchez ondo ezagutzen dituzte Ojuelek eta Aizpitartek: «pareja polita egiten dute. Kolpea daukate eta lan haundia eginarazten diote atzelariari». Eneko Aizpitarte ez da hain justu, lanari beldurra dion atzelaria, eta gaur horixe demostratzen saiatuko da.   

«Aizpitarte segurua da, eta langilea»
Bi pelotariek konfiantza dute elkarrekin. Oso txapelketa ona egin dute Mar­kel Lizeagarekin batera, eta gainera, aurretik Gi­puzkoako Txapelketa ere irabazia daukate aurten.
Hitz onak besterik ez dituzte elkarrentzat. Ojue­lek garbi dauka: «Aizpi­tar­te segurua da, eta langilea. Oso pelota gutxi galtzen ditu, kantxa asko kubritu... horrez gain, badaki pelota arrimatzen, eta on­do aprobetxatzen du au­rrean egoki daukan pelota». Aizpitar­tek ere beste hainbeste dio Ojue­letaz: «maila haundia dau­­ka Pau­lek: errez bukatu, bizi jokatu, eta defentsa ona». Elkarrekin oso gustora jo­katzen omen dute, eta konfiantza horrekin aterako dira gaur ere kan­txara. «Partidu gogorra izango da, baina irabazteko mo­dukoa da. Horre­ta­rako guk gure lana egin behar dugu. Gure lana egiten badugu, aukerak izango ditugu seguru», dio Ojuelek.  «Nik arrimatzen asmatu, eta gero Paulek aukeran tokatutakoa aprobetxatu», Aizpitartek. «Dis­frutatu egin behar dugu frontoian; hori eginda, irabazi liteke», berriz Ojuelek.

Beste final erdian, Tolosako bikotea faborito
Final erdia pasata ere, ondo etortzen da finalerako zein kontrario izan litezkeen jakitea. Tolosak eta Azpeitiak jokatuko dute beste final erdia, eta han biak ados daude faboritoa zein den: Tolosa. «Tolosako bikotearen kontra ligilan jokatu dugu, eta oso bikote ona da. Artola eta Telletxea eginagoak daude, esperientzia gehiago daukate, eta gogorragoak dira azpeitiarrak bai­no», diote bi gazteek.

Amezketaren kontra dute final erdia gaur, 16:30etan, Amezketako frontoian. Giroa kontra izango dute hernaniarrek baina konfiantzarekin daude.

«Aurrera ere partidu asko jokatu beharko dugu elkarrekin»
Ojuelek 25 urte dauzka eta Aizpitartek 21 urte. Biek ere  garbi daukate afizionatuetan dagoela beraien lekua, eta ahalik eta urte gehienak pasatzeko ilusioa daukate. Bide horretan gainera, elkarrekin asko jokatu beharko dutela diote, «afizionatuetan urte asko jo­ka­tu nahi genituzke, eta badakigu, aurrera ere elkarrekin askotan jokatu beharko dugula».

Ojuelek bi aldiz irabazi du Euskal Herrikoa
Eneko Aizpitartek lehendabiziko aldia du Euskal Herrikoa jokatzen duela, seniorretan. Ojuelek be­rriz, lehendik ere bi txapel baditu, eta Elite mailan, gainera. Aurten irabazita, hirugarrena luke.

Txapelketa guztiak pil pilean
Momentu honetan pelota elkartean talde polita da­go, eta ez da mugimendurik falta. Euskal Herrikoa bukatuta GRAVN hasiko da, gero Herriartekoa, eta bitartean torneo pribatuak ere badira. Seniorren taldean 14 bat pelotari daude.
Udaberri Txapelketan, Agirre eta Pagola kadeteek final erdietarako pasea dute jokoan gaur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!