Astigarragako Mundarro Txirrindulari Taldeak batzarra egin zuen joan den otsailaren 20an eta bertan, Txirrindagan proiektua aurkeztu zuen. Proiektu edo ekimen honen asmoa da bizikletaren inguruko festa bat antolatzea edo bizikletarekin zerikusia duten ekintzak antolatzea, adin eta gusto desberdinei begira. «Helburua da giroa sortzea herrian, bizikletaren inguruan», azaldu dio Kronikari Jon Goiburu taldeko antolatzaileetako batek.
Txirrindagan, maitzaren 31 eta ekainaren 1ean izango da, larunbat eta igandez. Eta antolatu dituzten ekintzak honakoak izango dira: umeekin bizikleta irteera, sprint txapelketa fixied bizikletekin, ziklo maratoia, mendi bizikleta martxa eta herri bazkaria. Joseba Barandiaran plazan zentratuko dira ekintza guztiak, irteerak izan ezik.
«Umeekin egin ditugu irteera batzuk orain arte, baina oraingo hau bereziagoa izango da. Merienda ere prestatuko dugu ondoren», azaldu du Goiburuk. Sprint txapelketari, berriz, bira azkarra deitu diote eta orain modan jarri diren piñoi fijoko fixied bizikletekin egingo da. Joseba Barandiaran plaza oinarri izanda, Kale Nagusian zehar egiteko asmoa dago. Ziklo maratoia, berriz, gauean izango da. Hiru orduko iraupena izango du. Mendi bizikleta martxa, Astigarragako lurretan barrena egingo dute. 30km inguruko buelta izango dela aurreratu du Goiburuk. Izen emateak eta azken kontuak zehazteko dauzkate oraindik.
Hilabete gutxian,
martxa haundia
Txirrindulari Taldea sortu berria da. Urria inguruan jarri zen martxan, Astigarragako Mundarroko beste atal bat bezala. Dena dela, ordurako hilabeteak zeramazkiten lanean, taldea sortu nahian. Ideia nondik sortu zen galdetuta, honakoa erantzun du Goiburuk: «Taldea martxan jartzeko ideiarekin 7 bat lagun hasi ginen aurreko urtean. Konturatu ginen Astigarragako jende asko ibiltzen zela bizikletan, baina bakoitza bere aldetik. Hori horrela, pentsatu genuen talde bat sortzea ideia ona izango zela eta onuragarria denontzat». Eta hasieratik sekulako erantzuna izan du: «Aurreneko bilera egin genuenean, 40 lagun azaldu ginen. Sorpresa izan zen», dio Goiburuk. Taldeak bi sekzio ditu: Mountain bike eta karretera.
Ekintzak ere, ugari egin dituzte hilabete gutxian: umeekin hainbat irteera, Gabonetan Bizikleta Festa... Eta orain, Txirrindagan proiektua.
Irteerak, hilabeteko
azken igandetan
Horrez gain, irteerak egiten dituzte hilabeteko azkeneko igandetan. 09:00etan abiatzen dira Joseba Barandiaran plazatik. 18-20 bat lagun elkartzen dira. Egiten dituzten bueltak, maila guztientzako pentsatuta egiten dituztela azaldu du Goiburuk. «Ibilbide horiek denek izaten dituzte alternatibak gehiago luzatzeko edo mozteko. Bakoitzak markatzen du bere erritmoa eta helburua. Hori argi genuen hasieratik, denei begira egin nahi ditugu taldeko irteerak. Gure helburua da jende guztiari aukera ematea bizikletan ibiltzeko. Askok esan izan digute: Beti nuen bizikletan ateratzeko gogoa, baina ez nuen inor».
Arropa erosteko 65 eskaera,
30 lizentzia...
Taldeko arropa edo ekipazioa ere atera dute eta 65 eskaera egin zirela azaldu du Goiburuk. Nahiko lan izan omen zuten horrekin. Orain, beste 15 eskaera gehiago ere ba omen dituzte. «Oso pozik gaude. Triatloietan parte hartzen dutenek ere hartu dituzte gainera», azaldu du.
Txirrindulari lizentziak ateratzeko aukera ere badago taldearen bidez eta 30 inguruk atera dituzte.
Bere garaian ere izan zen txirrindulari talde bat Astigarragan, Motelak izenekoa, baina urteak dira desagertu zela. Ez ordea, txirrindularitzarako zaletasuna. Agerian geratu da oraindik bizirik jarraitzen duela Astigarragan eta aukera ederra eskaini die zaletu horiei talde berri honek. Baita afizionatuetan dabiltzan herriko bi txirrindulariri ere. Astigarragako klubaren izenean hartzen dute parte karreretan eta txapelketetan. Beñat Blazquez eta Aritz Irazustabarrena dira.
Bazkide, urtean 20 euro ordainduta
Taldeko bazkide ere egin liteke. 10 euro ordaindu behar dira 6 hilabetean, hau da, urtean 20 euro. Bazkideek beherapenak dituzte materialetan eta antolatzen diren ekintzetan. Gainera, bazkideek bakarrik dute arropa erosteko aukera. Momentu honetan, 40 inguru bazkide dira.
«Santiomendiko igoera
berreskuratu nahiko
genuke»
Aurrera begira, badituzte proiektu gehiago ere buruan. Halaxe azaldu du Goiburuk: «Alde batetik, garai batean egiten zen Santiomendiko igoera berreskuratu nahiko genuke. Eta bestetik, infantilen lasterketa bat antolatu nahi dugu, kanpoko taldeekin». Horrez gain, neskei begira ere proiektu bat badaukate, baina neskak behar dituztela dio, proiektua aurrera ateratzeko. «Ea animatzen diren!».
Taldeari buruzko informazio gehiago lortzeko eta harremanetarako: astigarragako_txirrindulariak@hotmail.com helbidean eta Facebooken, Astigarragako Txirrindulariak.
Txirrindagan
Maiatzak 31
16:00, umeekin irteera.
18:30, bira azkarra.
21:00, Ziklo maratoia.
Ekainak 1
09:00, mendi bizikleta irteera
14:30, herri bazkaria