«Onena da herriko koadrilak oraindik gogoratzen direla Olinpiadez»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 19a, 01:00

O gripea Hernanin zabaltzen ari da; Olinpiadetako gripea, alegia. Eta ez da gripe berria. 1986an sortu zen, eta azken urteetan indartzen ari da.

Gero eta gutxiago falta da, beste urte batez, Hernanin Olinpiadak ospatzeko. Herrian aspaldi sortutako ekimen honek herriko gazteek elkar ezagutzeko eta elkarrekin antolatzen ikasteko balio izan dute joko hauek Karmonaren ustez. Hasierako Olinpiada haiek ederki asko ezagutu zituen Karmonak, eta horren berri eman dio Kronikari.

Nolatan antolatu zenituzten Hernaniko lehenengo Olinpiadak? Zein zen garai horretan Hernaniko egoera?
Hernaniko lehenengo Olinpia­dak, uste dut, 86-87an hasi zirela antolatzen. Baina in­dartsuenak 88koak izan ziren.
80. hamarkadako urteak ga­rrantzitsuak izan ziren egoera politiko eta sozio-laboral aldetik. Eta, droga ere aipatzekoa da urte horietan. Heroi­nak hutsune haundiak utzi baitzituen… Garai haietan gazteak oso politizatuak zeuden, antolatuak zeuden baina koadrilaka, ez zegoen konexiorik lagun talde desberdinen artean. Gazteak koadriletan ibiltzen ziren, koadrila itxiak ziren, eta bakoitza bere interesen, zaletasunen, ideologiaren… arabera mugitzen zen. Beraz, antolakuntza bai bazegoen, baina elkarren arteko harreman gutxi.
Egoera horri aurre egiteko, batetik, okupazioak hasi ziren eta, bestetik, beste ekintza nagusi batzuk. Horietako ba­tzuk izan ziren: Akelarrea, Indiada inauterietan eta Olinpiadak. Horien helburuak hauek izan ziren: herriko koadrila desberdinak batzea, an­tolatzen ikastea eta helburu zehatz baten parte sentiaraztea herriko gazteak.
Olinpiadei dagokionez, esan bezala, herriko gazte desberdinak batzea zen helburu. Baita ere hauengan hainbat balore sustatzea, hala nola, tolerantzia eta solidaritatea. Azkenik, euskara bultzatzea.

Zeintzuk izan zineten antolatzaileak? Zenbat taldek parte hartu zuten? Zeintzuk izan ziren irabazleak?
Olinpiadetan, ikusita Herna­niko gazte harremanak koadrilaka gertatzen zirela, koadrilaka parte hartzea erabaki zen. Bazeuden 4 bat pertsona atzetik dena koordinatzen zutenak, baina denok ginen antolatzaile. Astero batzen ginen, parte hartzen zuten koadrila bakoitzetik pertsona bat joaten zen bileretara eta bertan hitz egiten zen egindako ekintzaz, balorazioa egiten zen… Horrela ikasi genuen nola antolatu behar ginen gauza desberdinak burutzeko.
20-23 koadrila inguru elkartu ginen garai haietako Olinpiadetan. Parte hartzen zuen koadrila bakoitzak zerbait antolatzeaz arduratu behar zuen, hori zen koadrilen betebeharretako bat.
Froga bakoitzak bere irabazlea zuen. Baina egiten ziren froga guztiak oso desberdinak ziren eta koadrila desberdinek antolatzen zituzten, horrela frogak koadrila desberdinek irabazteko aukera emanez. Hala ere, irabaztearen gaiari garrantzia ken­tzen saiatzen ziren beti ere. Beste pixuzko baldintza bat irabazi ahal izateko, edota Olinpiadetan parte hartzeko, emakumezkoen parte hartzea zen. Garai haietan koadrila gehienak banatuta zeuden, gizonezkoak, batetik, eta emakumezkoak, bestetik. Era honetan koadrilak elkartzen ziren parte hartzeko.

Zer balorazio egin zenuten Olinpiada haietaz?
90 egun, ekintza desberdinetan parte hartzen 4 hilabetez: xakea, futbolina, musa… Astean zehar ere froga desberdinak zeuden. Olinpiaden bukaera apoteosikoa izan zen, kiroldegian: kontzertuak, sa­ri­ak… Hauek eskuekin egiten genituen, zeramikarekin eta beste materialekin.
Baina, balorazio bezala, onena da herriko koadrilak oraindik gogoratzen direla Olinpiadez eta horiek gabe ez genukeela elkar ezagutuko. Olinpiadek pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera eskaini ziguten eta hauek gabe aukera hori ez zen egongo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!